Gorka Aranberri Etxeberria Zarautzen jaio zan eta bere lagun asko hondartzan baloiari ostikoak emoten hasi ziranean, berak arraunaren aldeko apustua egin eban eta batel baten buru jarri zan ikastolako lau lagunegaz batera. Sei bider irabazi dau Eusko Label Ligea, lau aldiz Bermeogaz, behin Oriogaz eta beste behin Santurtzigaz. Gainera, arraunaren historian sartzetik pausu batera dago Aranberri. Datorren domekan, Bermeok Kontxako Bandera irabazten badau, zarauztarrak bederatzigarren garaipena lortuko leuke Donostiako estropadetan, Manuel Arrillaga “Aita Manuel”en garaipen errekorra bardinduz. Pasaiako patroi mitikoak bederatzi garaipen lortu ebazan Kontxan 1917tik 1935era, eta beste bat irabazi eban San Pedrogaz arraunlari lez 1899an.
Gorka Aranberrik 2011n astindu eban lehen aldiz Donostiako Bandera, Bermeon estreinau zan urtean. Ondoren, 2014an, 2015ean eta 2016an beste hiru garaipen jarraian lortu ebazan Bou Bizkaiagaz. 2017an be garaile izan zan Orioko traineruan.
Aranberrik Donostiako Banderan lortutako azken hiru garaipenak azken hiru edizinoetan jarraian lortu dauz. Soteraren popaganean 2021ean eta Bou Bizkaiagaz 2022an eta 2023an. 37 urtegaz Bermeoko traineruko patroia Aita Manuelen errekorra bardintzeko pausu bakarrera dago. Gorka Aranberrigaz egin dogu berba Jokoan tartean.