Maitena Urberuagak hiru mailetan sailkatu dauz hagin-larrialdiak

Odontologoarengana lehenbailehen, egun berean edo gertau eta egun batzuetara joan behar garen jakiteko

Hagin-larrialdiak bereizteko aholkuak

Hagin-larrialdiek dentistarentzako lan-bolumenaren eta pazienteak arreta bilatzearen ehuneko handi bat osotzen dabe. Haginetako larrialdiak arrazoi desbardinengaitik sortzen dira. “Aho-hortzetako mina edo infekzinoa urgentziako kausa garrantzitsua da. Traumatismoen tratamentua da itxaron ezin dozun beste lehentasun bat. Ebakuntza osteko konplikazino jakin batzuk be, odoljarioa esaterako, kezka iturri izan daitekez, eta kontsulta eragin daikie”, azaldu deusku Maitena Urberuaga, Odontologoa eta EHUko irakasleak. Zientzia tartean argitu deusku noiz joan behar garen odontologoarengana lehenbailehen, egun berean edo gertau eta egun batzuetara.

Arazoari zelako lehentasuna emon behar deutsagun hobeto jakiteko, hurrengo salkapena proposatzen dau Maitena Urberuagak:

1. Berehalako arreta

Klinika batera deitu eta hurrengo 60 minutuetan artatu behar diran larrialdiak. Urgentziazko deien % 1 inguru dira. Pazienteak berehala joan behar dau klinikara. Aho urradura edo hortzetako eta albeoloetako lesinoak dabezan traumatismoek daukie lehentasuna, besteak beste.

2. Lehentasunezko arreta

24 orduko epean emon behar jake arreta. Hortz-klinika baten edo larrialdi-zerbitzu baten egiten diran larrialdi-deien % 75 inguru dira. Pazienteak mina ez dauanean kontroletan eta kalte sistemiko bako haginetako eta ehun bigunetako infekzinoak sartzen dira bigarren puntu honetan, besteak beste.

3. Aholkuak eta arreta geroratua

Deia egin eta 5-7 egunera hartu leike. Larrialdi-deien % 24 inguru dira. Arazoak txarrera egiten badau, pazienteari barriro dei egiteko esan behar jako. Min arina edo ertaina, eta hagina atara osteko odoljarioa, adibidez.

Sailkapenaz gan, mina kontroletako aholkuak, aholku analgesikoak eta hagin-traumatismoaren manejua be azaldu deusku Maitena Urberuagak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00