Euskal Herriko Meatzaritza museoa bisitau dogu Haizea Uribelarrea zuzendariaren eskutik

Bisita gidatuak, berbaldiak, argazki lehiaketak, Gabonetako tailerrak... eratzen dabez Abanto-Zierbenan dagoan museoan

Haizea Uribelarrea: “Oso hurbila dan bilduma daukagu ikusgai”

Abanto-Zierbenako Herriz Herri saioan Euskal Herriko Meatzaritzaren museoa bisitau dogu. Gallarta auzoan dago kokatuta, Kontxa II. aire zabaleko meategiaren ondoan. Museoak 2001ean ireki ebazan ateak, Abanto-Zierbenako hiltegi zaharrean. 1986. urtean sortutako Meatzari Museoa kultur alkartea izan zan museoaren sustatzaile nagusia. Gaur egun alkarte honek museoaren parte izaten segiduten dau eta bere partaide guztiak boluntarioak dira.

Haizea Uribelarrea museoko zuzendariak azpimarratu deuskunez, “museo berezia da, bolondres asko dagozalako lanean, eta horrek toke desbardina emoten deutso. Ganera gure bilduma ez da arte ederretako bilduma bat, ez da eskultura artistikoez osotutako bilduma… Gure bilduma gauza oso arruntak dira”. Meatzalde inguru bateko objektuak (kaskoak, bagonetak…) ikusi geinkez Euskal Herriko Meatzaritzaren museoan.

Horrez gain, bisita gidatuak, tailerrak… be antolatzen dabez. Eta une honetan, Geure Gallarta izeneko erakusketea be bisitau geinke museoan. Aldi baterako erakusketa honetan 1958-1986 urteen artean izan zan meatze-ustiapenaren ondorioz desagertu zan Gallarta antxinako herriaren interesguneak ezagutu geinkez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular