Landako gunean zabaldu da gaur goizean Durangoko 60. Azoka. 175 partaide, 285 erakusmahai eta 1026 nobedade aurten. Egitarauari jagokonez, aurten, 70 ekitaldi gehiago dagozala esan behar. Gune barri bi dagoz; Berbagailua edo podcasten plaza, eta Atartea, Arte Ederren plaza. Barrikuntza honeez gain, aurten, iluntze-gauetarako eskaintzea be bada nobedadea. Azokea itxi eta egitarauak jarraipena izango dau. Hasteko, gauetako kontzertuak; gaur Lukiek eta Ezezez, bihar Mirua eta Naxker, eta domekan, Formol Laborategiaren ikuskizuna eta omenaldia Bittor Kapanagari.
Ikasle Goiza
Hainbat eta hainbat ikastetxeetatik urteerak antolatu dira gaur Durangoko Azokara. Ikasle eta irakasleak multzoka ikusi ahal izan dira postuetatik nobedadeak ikusten eta erosten. Bizkaia Irratiko Lau Haizetara irratsaioan Eibarreko institutuko Amaiur Aramaio ikasleagaz eta Ibai, Nerea, Kepa eta Mara ikasleakaz izan gara berbetan. Azken honeek, euren erosketak edo zaletasunak zeintzuk diran esan deuskue. Irakasleak bitartean aipatu dau, Durangora joateak, ikasleak euskal kulturara eta euskerara hurreratzeko balio dauala.
Omenaldia Izaskun Ellakuriagari
Goiatz Pelaez Gerediagako kideagaz be egin dogu berba. Aurtengo azokan, garagarrilean hil zan Izaskun Ellakuriaga lankidearen hutsunea daukie. Pelaezek, hunkituta, ateak zabaltzeko unea azaldu dau, adibidez. Izaskunek egiten eban lan handia azpimarratu dau era berean. Gaur, iluntzeko zazpiretan, azokaren inaugurazino ekitaldian, San Agustin kulturgunean, omenaldia eskeiniko jako Izaskuneri.
