"Bankuek zerga barriari jarritako helegiteak kezkagarriak dira" zehaztu dau Idoia Sagastizabal jeltzaleak

EAJko diputaduren ustez bankuen jarrerea ez dator gaurko egoereagaz

Idoia Sagastizabal: “Inflazinoa egonda Kupoa bost urterako finkatuta egotea garrantzitsua da”

Idoia Sagastizabal (Kongresuko EAJko diputadua) / Bizkaia Irratia

Bankuek eta enpresa elektrikoek azken eguna dabe gaur Espainiako gobernuaren zergaren lehen zatia ordaintzeko.
Hala ere, ordainduko daben zenbatekoa itzultzea bilatuko dabe. Horretarako, helegiteak aurkeztuko dabez. “Helegiteek aurrera egiten badabe azkenean dirua itzuli beharko jake banku eta eta elektrikei, eta interesakaz gainera eta hori, herritarren kontura izango litzateke” zehaztu dau Idoia Sagastizabal diputadu jeltzaleak. 

Elikagaien prezioak

Luis Planas Arrantza eta Nekazaritza ministroa supermerkaduakaz, banatzaileakaz eta ekoizleakaz bilduko da gaur.
Elikagai Katearen Behatokiaren baitan batzartuko dira. Prezioen igoerea eteteko aukerez galdetuta Sagastizabalek Unidas Podemosen azken proposamenak kritikau dauz. “Ezin da ibili brainstorming bat egiten prezioak jaisteko. Baten esaten deutsue tope bat ipini behar dala, beste baten zerga barri bat eta gero hobariak proposatzen dabez. Kea da hori.” zehaztu dau Sagastizabalek.

Kupoa eta Kontzertu Ekonomikoa

Euskal ogasunen zerga batzerako ezinbestekoak diran gai bi honeek eguneratzeko lege proposamenak aztertuko dabez asteon diputaduen kongresuan. “Guretzat proiektu biak oso garrantzitsuak dira, zerga barriak berbatuko doguzalako. Aberastasun handien zergan arautzeko gaitasuna be izango dogu”azaldu dau Sagastizabalek. Kupoari jagokonean bost urtetarako finkatuko da. Diputadu jeltzaleak dino etorkizunean beste gobernu bat etorrita kupoa bermatuta geratzen dala eta horrek nasaitasuna emoten dauela.

Ukrainari emondako laguntza militarra

Ukrainaren inbasinoaren urteurrena izatear dagoan honetan Sagastizabalek zehaztu dau Europak orain arte gatazka honi erantzun ona emon deutsola. “Hilabeteak arin pasau dira, Ukrainak armak eta tankeak behar dauz defendetako. Gu horren alde gagoz baina ikusi beharko da hemendik aurrera zeintzuk erabagi hartzen dira” azaldu dau EAJko ordezkariak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular