Aktualidade eta politika gaiak aztertu doguz gaur Bizkaia Irratian Senadurako EH Bilduren Bizkaiko hautagaia dan Idurre Bidegurenegaz. Hasteko, Bilbon astelehenean jazotako istiluak gaitzetsi ditu Bidegurenek, bere alderdiak Bilboko Udalak egindako adierazpenagaz bat egin ez arren: “Egondako istiluak ez dira onargarriak eta gaitzesten doguz. Izan be, istiluek egun osoan zehar egondako protestak estali ditue. Halanda be, ez dogu Bilboko Udalaren proposamenagaz bat egin, ETAren komodina erabilten daualako, baina ETAk ez dauka zerikusirik, desagertuta dagoalako”.
Bitartean, Zisjordanian sartzea eragotzi deutso Israelek Josu Estarrona EH Bilduren Senadurako Arabako hautagaiari, palestinarren aurkako indarkeria areagotzen ari dan honetan: “Atzo egin neban berba Estarronagaz eta ondo dago. Nazinoarteko organismo batek kongresu bat antolatu dau Zisjordanian, baina ezin izan da herrialdean sartu. Israelek ez dau ezelango testigurik nahi“. Hain zuzen be, Netanyahuren alderdiak irabazi ditu hauteskundeak Israelen. Halanda be, bere blokeak eukan gehiengoa galdu dau eta ez dago argi zer gertauko dan.
Azaroaren 29ko hauteskunde orokorrei begira, emoten dau Senadua protagonismoa hartzen doala. Hor dagoz PP eta VOXen arteko akordioak, alkarri laguntzeko, tartean Gipuzkoan: “PP eta VOX desbardintzea gatxa da batzuetan. Ondorioz, ez da ekidistantziarako unea“. Bidegurenek argi dauka EH Bilduren egitekoa zein izango dan Madrilen hauteskunde ostean: “Batetik, ultraeskuinaren gobernu posiblea geldiarazoko dogu eta beharrean jarraituko dogu balizko gobernu progresistagaz. Bestetik, nazinotasunean salto kualitatiboa emoteko unea da“. Etxebizitza kontuek protagonismoa hartuko dabela emoten dau eta azaroaren 11ko huelga orokorrean be aldarrikapen nagusietarikoa izango da. EH Bilduk greba horregaz bat egiten dau: “Herriaren kezka nagusia etxebizitza da. Izan be, etxebizitzaren prezioek bizitza gatx egiten dabe, eta arazoari urtenbidea bilatu behar jako”.
