Kike Amonarrizek (Topagunea), Juan Mari Aburtok (Bilboko udala) eta Aizpea Otaegik (Errenteriako udala) epaia salatu dabe

Euskadiko dozenaka alkatek Konstituzionalaren euskerearen kontrako epaia salatu dabe

Alkateen makilak, hizkuntza eskubideen babesleku

Bilbon gaur goizean egindako kontzentrazinoa / Bizkaia Irratia

Konstituzionalaren epaia traba dala adierazi dabe gaur Bilbon batutakoek. Euskereak normalizazino eta bizibarritze bidean etorkizunera begira daukazan desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza politikak indarrean jartzea eragozten dauelako. Azpimarratu dabe epai hau oldarraldi judizial zabalago baten parte dala. Hizkuntza gitxituak jomugan daukazan olatu erreakzionario baten kokatzen dala.

“Epaiak udalen antolakuntza autonomia urratzen dau, udalok hizkuntza eskubideak errespetetan doguz eta euskerak ez dauz merezi epai honek isladatzen dauzen ideologizazinoa eta mespretxua” zehaztu dau Juan Mari Aburtok Bilboko alkateak. Aburtok EAJko alkateen izenean berba egin dau. “Eraso larritzat joten dogu azken epaia, oso kezkatuta gagoz. Pentsatzen dogu herritarrek kontsentsuz eregindako kontsentsuen aurkako erasoa da” esan dau Errenteriako alkateak Aizpea Otaegik. EH Bilduko alkateen bozeroalea izan da Otaegi.  Euskaltzaleen Topagunetik Kike Amonarrizek adierazo dau erabagi judizialen oldarraldiaren kontra bide barria sortzeko sasoia dala.

Alkarretaratzea Bilboko Albia Lorategietan izan da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean. Pasa dan astean Konstituzionalak 2016ko Udal Legearen aurka ebatzi eban, udalei euskera hutsean jarduteko aukerea emoten deutsen araua ukatuta. Euskalgintzaren Kontseiluak dino sententzia hau bereziki kezkagarria dala. Batetik euskeraren normalizazino eta bizibarritze prozesuaren kontra doalako eta bestetik herritarren zein udalen erabagiteko ahalmena auzitan jarten dauelako.

Euskadiko udaletako hainbat alkatek, zinegotzik eta euskalgintzako ordezkarik parte hartu dabe eta manifestua Euskalgintzaren Kontseiluko lehendakariak Alizia Iribarrenek irakurri dau. Bizkaiko lurraldeko alkate ugari egon dira. Arrigorriaga, Bilbo, Basauri, Durango, Galdakao, Barakaldo, Leioa… batzuk aitatzearren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular