Gaur, urriak 11, Bizkaiko zaindari dan Begoñako Amatxuren Eguna ospatzen da. Santutegian, goizeko 9:00etan ospatu da lehenengo meza eta hurrengoak 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan (Meza Nagusia, On Joseba Segura Gotzaina buru dala) eta 13:00ean izan dira. Arratsaldez, 17:00etan, 18:00etan, 19:00etan, 20:00etan eta 21:00etan ospatuko dira Eukaristiak. Basurtuko Beti Jai Alai taldeak 20:00etako mezan Ezpata-dantza dantzatuko deutso Begoñako Andra Mariari.
Ignacio Fernandez Begoñako parroko eta Bilboko Elizbarrutiko Seminarioko Errektorea izan dogu Lau Haizetara irratsaioan, eta azaldu dauanez, “urriaren 11a oso egun garrantzitsua da”. Ohiturak mantentzearen garrantziaz berba egin dau Begoñako parrokoak: “Oso tradizino garrantzitsuak dira, oso errotuak. Jendea Eukaristian, lore-eskaintzan, kandela bat pizten, Amatxu bisitatzen, eskatzera, otoitz egitera edo eskerrak emotera etortzen dira”.