Ertzaintzak Otxandategiko lurrak hustu ebazan atzo

Uribe Kostan egiteko dagozan urigintza proiektuen mehatxua salatu dabe Otxantegi Herri Lurrako kideek

Ilargi Onandia: “Berangon, 10 urtetan, lehen egoan etxe kopurua bikoiztu da”

"Otxantegi aurrera" pankartaren atzean desalojoari aurre egin eutsen boluntarioak / Otxantegi Herri Lurra

Berangon okupatutako Otxandategi dorretxea eta horren lursailak hustu ebazan atzo Ertzaintzak. Bertan batuta egozan ekintzaileak kanporatu ebezan; horreetatik bat atxilotu be egin eben –gerora aske lagata– eta beste bi zauritu; protestan egozanen arabera, Urdulizko ospitalera joan behar izan eben biek.

“Milioika euro balio daben proiektu urbanistiko” bat geldiarazoteko eta Otxantegi Herri Lurra izeneko egitasmo agroekologikoa martxan jarteko okupau eben orain dala bi urte ingurua. Goizeko Izarretan irratsaioan ekintzaileetariko bat, Ilargi Onandia, euki dogu gaur. “Okupazinoa obra urbanistiko bat geldiarazoteko egin dogu, oraindik ez da hasi baina dana prestatuta daukie. 500 etxebizitza egin gura dabez eta salatu gura doguz Uribe Kostan egiten dabilzan urigintza  proiektuak” azaldu deusku Onandiak.

Atzoko operazinora Ertzaintzak 15 furgoneta bialdu ebazan eta hasiera baten desobedientzia zibiliaren bitartez eta era baketsuan egoereari eutsi eutsela esan deusku Ilargi Onandiak. “Danok jaso genduzan kolpeak baina lurrean egozan pertsona batzuk modu berezian. Bi ospitalera eroan ebezan” azaldu dau Onandiak.

Onandiaren arabera Berangokoa ez da kasu isolatua. “Hamar urtetan bikoiztu da lehen egoan etxebizitza kopurua, ez da etxebizitza andana hori eraiki behar. Lur jaube handi batzuk negozioa egiten dabilz eta horreek ez dabilz herritarron beharrizanetan pentsetan. Honek nekazal lur gehiagoren desagertzea ekarriko dau” salatu dabe Otxantegi Herri Lurra ekimenekoek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular