Bou Bizkaiak Espainiako Trainerilla Txapelketa irabazi dau Moañan

Bermeo Urdaibaiko arraunlariak domekan hasiko dan traineruen denboraldiaren inguruko analisia egin dau

Iñaki Goikoetxea: “Irabazteko gosea urtetik urtera mantendu egiten da Bermeon”

Bermeoko arraunlariak Moañan lortutako garaipena ospatzen / Bermeo Urdaibai Arraun Elkartea

Bizkaiko Txapelketagaz hasiko da domekan aurtengo traineru denboraldia Lekeition. Hain zuzen be, lekeitiarra dan eta Bermeo Urdaibai klubean bogetan dauan Iñaki Goikoetxea arraunlariagaz egin dogu berba. Goikoetxeak domekako hitzordua bakarrik dauka buruan, azkenengo asteetan Zierbenagaz bateletan eta trainerilletan eukitako burruka nabarmena izan arren.

Traineru txikiei jagokenez, Bermeo Urdaibaik Bizkaiko eta Espainiako txapelketak irabazi dauz, Zierbenak Euskadikoa irabazi dauan bitartean. Halanda be, bereziki pozik dago Goikoetxea Espainiako Txapelketa irabazi izanagaitik, “urteetan bilatu” daben garaikurra izan dalako. Arraunlariak aitortzen dau “arantza” bat kendu dabela Moañan lortutako garaipenari esker.

Domekan hasiko dan denboraldiari jagokonez, Goikoetxeak ez dau aldaketa handirik espero: “Uste dot aurreko urtean bukatu zan moduan hasiko dala denboraldi barria”. Beraz, azkenengo udan eukitako aurkari zuzen berak izatea espero dau: Zierbena, Hondarribia, Donostiarra eta Orio. Halanda be, hilabete bat falta da oindino Eusko Label Liga hasteko. Lehenengo hitzordua bagilaren 29an izango da, Galizian, Coruñako uretan.

Aurreko denboraldian Eusko Label Liga eta Kontxako Bandera irabazi arren, Goikoetxearen esanetan, Bermeon urtetik urtera irabazteko dagoan “gosea” mantendu egiten da. Beraz, konfiantza altuagaz dabilz Iker Zabalak zuzentzen dituan arraunlariak.

Hamarkada bat Bermeon

Goiekoetxeak bere hamargarren denboraldiari ekingo deutso Bermeo Urdaibain. 1987an Lekeition jaiotako arraunlaria bere herriko Isuntzan izan zan 2012ra arte. Ostean, denboraldi bi emon ebazan Elantxobeko traineruan. Azkenean, 2014an, Bermeo Urdaibaiko traineruan ontziratu zan. Guztira, bost Eusko Label Liga eta Kontxako Bandera lau irabazi dauz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular