Etxebizitzaren prezioa goraka doa eten barik. Urte hasiera honetan, esaterako, %10 inguruko gorakadak izan doguz Bizkaian. Erosketetan %10 baino gehiago egin dau gora eta alokairuan %4. Kontuak kontu, eregiten dan guztia saltzen da. Aitatutakoak ASCOBI-BIEBA, Bizkaiko etxegile eta promotoreen alkarteak emondako datuak dira, eta datuok aztertzeko Iñaki Urresti alkarteko idazkari nagusiagaz bat egin dogu. Urrestik esan deusku eraikuntza arloan dagoan joerea positiboa dala: “Martxa positiboa egon da azken urteetan, etxebizitza barriaren eraikuntza jaitsi arren”.
Halanda be, etxebizitza libre zein babestuetan beherakadea izan zan igazko urtean. Urrestik autortu deusku etxe gitxi eregiten dala aspalditik: “Produkzinoa oso txikia da. Esaterako, etxebizitzaren produkzino-tasa 1.000 biztanlekiko ez da bira heltzen; orain dala 20 urte, zazpikoa edo zortzikoa zan“. Bitartean, Legebiltzarrean Etxebizitza Larrialdiko Neurrien Legea onartu da, besteak beste, tramite guztiak bizkortzera bideratuta. Halanda be, Urrestik uste dau urte bi pasau beharko dirala ondorioak igarten hasteko. Bestalde, obra publikoak gorakadea euki eban igaz.
Langile kopuruari jagokonez, gorakadea egon da aurreko urteagaz alderatuta eta, momentu honetan, 300.000 behargin dagoz Euskadin, baina belaunaldien arteko erreleboaren arazoa suertatu da. Eraikuntza arloa bada lan istripu nahikotxoko sektorea be. Alde horretatik, emon dira aurrerapausoak prebentzino neurrietan azken urte eta hamarkadetan.
Ekialde Hurbila
Ekialde Hurbileko egoereak danean dauka eragina eta eraikuntzan be bai, jakina. Ondorioak oindino igarri ez arren, ezegonkortasuna da nagusi egungo garaian: “Ekialde Hurbileko gerrak eragin handia dauka geure sektorean. Petrolioagaz lotura daben materialak erabilten dira eta euren kostua igo daiteke“. Halanda be, Urrestik dino sei hilabete pasau behar dirala, bataz beste, gerraren albo-kalteak sufriduteko.
