Eibartarrak hasieratik jokatu ditu liga txapelketako lehen hiru partiduak eta entrenatzailearen konfiantza osoa dauka

Mallorcaren aurkako datorren domekako partidua berezia izango da berarentzat bertan hiru denporalditan jokatu ostean

Iñigo Ruiz de Galarreta: “Itzela izan da San Mamesera itzultzea”

Iñigo Ruiz de Galarreta Lezamako prentsa aretoan / Bizkaia Irratia

Hamar urte luze itxaron behar izan ditu Iñigo Ruiz de Galarretak barriro San Mameseko bedartzea zapaltzeko Athleticen elastikoa jantzita. Eibarko jokalariak Ernesto Valverderen konfiantza osoa jaso dau eta hasierako hamaikakoan egon da ligako lehen hiru partiduetan Real Madrid, Osasuna eta Betisen aurka. Ganera, ia minutu guztiak jokatu ditu. Ruiz de Galarretak esan deusku itzela izan dala berarentzat Katedralera itzultzea. Bederatzi urte zituala heldu zan Lezamara eta beheko maila guztietatik igaro ondoren, Marcelo Bielsaren deia jaso eban lehen taldeagaz entrenetako. Ez eban zorterik izan lesinoakaz, Belaun bietako lotailu gurutzatuak apurtu jakozan 2012 eta 2013an eta igaz barriro igaro zan ebakuntza gelatik ezker belaunean ipinitako plastia apurtu egin jakolako. Guztiz errekuperauta dago eta disfrutatzen dabilela esan dau.

Athleticen datorren domekan Mallorcaren aurka jokatuko dauen partidua oso berezia izango da Ruiz de Galarretarentzat. Izan be, hiru denporaldi egin ditu bertan eta Javier Agirreren aginduetara jarraitzeko eskeintzea egin eutson hango taldeak. Ruiz de Galarretak, baina, Athleticen aldeko apostua egin dau.

Denporaldiko hirugarren garaipena eskuratu gura dau Athleticek Mallorcaren zelaian. Javier Agirreren taldearentzat, ezinbestekoak dira hiru puntuak, lehenengo hiru jardunaldietan puntu bakarra lortu ostean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular