Auzitegi Konstituzionaleko epaileek ebatzi dabe Euskadiko udal legeak hizkuntzaren ganean emondako hainbat erizpidek modu bidebakoan urratzen dabela oreka linguistikoa. Sententzia idatzizko agiriei buruzkoa da eta esate baterako zuzeneko eragina eukiko dau udalerri euskaldunetako eta arnasgunetako udaletxetan. UEMAtik eta Euskalgintzaren kontseilutik gogor kritikau dabe epaileen eretxia.
Eusko Jaurlaritzak euskerearen etenik bako judizializazinoa kritikau eta autogobernua errespetatzea eskatu dau. Modu berean Jaurlaritza ez dator bat Konstituzionalaren erabagiagaz eta uste dau euskal autogobernua urratzen dauala eta euskerearekiko beste mespretxu bat dala; mespretxua euskal hiztunei eta Euskadin gai horren inguruan dagoan adostasun sozialari. Lau Haizetara saioan Iñigo Urrutia Zuzenbidean Doktorea (EHU) sententzia honen balorazinoa egiten euki dogu eta besteak beste esan dau ikaragarrizko segurtasun juridiko faltea sortu dala. “Epaileek erabilitako arrazonamendu juridikoak oso ahulak dira” azaldu dau Iñigo Urrutiak. VOXek bere sasoian jarritako salaketa batetik sortutako epaia dala gogoratu dau EHUko Zuzenbide irakasleak eta oztopo honeek gainditzeko planteamendu politiko eta juridiko barria egin behar dala aldarrikatu dau.