Irai taldea lehengo Itzalak taldearen jarraipena da. Andoni Caballero Kaba abeslariak jarraitzen dau bakarrik. Gorka Arrate bateriajolea, Igor Rodriguez baxujolea eta Oier Gurrutxaga kitarrajolea batu jakoz. Ez dira hasibarriak, urte asko daroez musikearen munduan eta talde askotan ibili dira. Irai proiektua 2019ko amaieran eta 2020ko urte hasierearen artean sortu zan, baina aurten egonkortu da. Kantu propio bi grabau dabez eta bideoklip bat be kaleratu dabe. Berrizko Lorenzo Records estudioan grabau dabez Trikua eta Zu (XL) abestiak.
Irai taldearen estiloaz itaunduta, Oier Gurrutxagak azaldu deusku, taldekide bakotxa bere aldetik datorrela (batzuk klasikotik, beste bat black metaletik, bera flamenkotik…) eta oso gatxa dala taldeari etiketa bat jartzea.
Irai taldearen asmoa, orain, zuzenekoak eskaintzea da. Aurrera begira fetxa batzuk zehaztuta daukiez. Esaterako, maiatzaren 20an Lekeitioko Iparraldeko Haizeak jaialdian egongo dira eta Markina-Xemeinen be kontzertua emongo dabela aurreratu dabe Irai taldekoek.