Iraia Iturregik zuzentzen dauen taldeak Osasunaren aurka jokatuko dau kopa txapelketako final laurenetan

Ligako azken jardunaldian Sporting Huelvaren zelaian lortutako garaipenak indar handia emon deutso Athletici

Iraia Iturregi: “Partiduaren bila joango gara lehen minututik”

Iraia Iturregik dino taldea lan itzela egiten dabilela eta merezi dauela kopako finalaurrekoetarako sailkatzea / Bizkaia Irratia

Denporaldiko partidurik garrantzitsuena jokatuko dau Athleticek Osasunaren aurka eguena honetan Taxoaren, Iruñean. Kopa txapelketako final aurrekoak jokatzeko txartela egongo da jokoan partidu bakar batera. Esan beharrik ez dago, Kopa txapelketak garrantzi handia euki dauela beti Athleticen. Emakumezkoen taldeak, baina, ez dau sekula kopa txapelketea irabazi. Bi bider heldu dira finalera baina ez dabe txapela lortzerik izan.

Iraia Iturregiren taldea konfiantzaz ganezka heldu da Kopako finalaurrekoetara, liga txapelketako azken jardunaldian Huelvako Sportingen zelaian irabazle izan ondoren. Ganera, zuri-gorriek irauli egin eben markagailua, partiduko zazpigarren minutuan 2-0 galtzen egon ostean.

Osasuna bigarren mailan dabil jokatzen eta ustez, Athletic litzateke faborito kanporaketea gainditzeko. Iturregik, ostera, ondo baino hobeto daki talde nafarra aurkari gogorra izango dala. “Ligan lortu dituen emaitzak ikustea besterik ez dago. Partidu guztietan gol gitxi egon dira eta asko husnako edo banako bardinketeagaz amaitu dira. Osasuna ondo landutako taldea da, sendoa eta jokalari beteranoak dituena. Aurkari gogorra izango da zalantza barik” esan dau Iraia Iturregik partidu aurreko prentsaurrekoan. Edozelan be, entrenatzaileak argi esan dau Athleticek partiduaren bila urtengo dauela lehen minututik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular