Zazpi Itsasoak (Ocean ‘s Seven) erronkea munduko uretako maratoirik zorrotzena da. 2008an sortu eban Ur Irekietako Igeriketako Munduko Elkarteak (WOWSA), eta planetaren inguruan zazpi kanal edo itsasarte espezifiko ugerrean gurutzatzean datza. Munduko erronkarik gogorrenak hartzen dauz; Iparraldeko kanala, Cookeko itsasartea, Molokaiko kanala, Mantxako kanala, Katalinako kanala, Tsugaruko itsasartea eta Gibraltarko itsasartea.
Iskander Sagarminaga, ugerlaria, eta bere bide-lagun Eider Eibar, marrazkilari eta ilustratzailea, munduko erronka gogor horretan murgilduta dagoz. Iskanderrek indartsu eta eten barik uger egiten dau eta Eider Eibarrek alboan doan itsasontzian lagundu eta dana dokumentetan dau. Kaiwi kanala izan da lortu daben azkena eta hile honetan zerrendatik beste bat ezabatuko dabe, bagilaren 28an Gibraltarko itsasarteari ekingo deutsielako. Horren ostean Japoniako Tsugaruko itsasartea faltako jake Zazpi Itsasoak erronkea amaitzeko.
Iskander eta Eider oso pertsona alaiak dira eta beti euren abenturak irrifartsu, pozez eta ilusino handiagaz kontetan dabez. Eiderrek dana dokumentau eta marrazten dau (kokoak.eus, irudimenaren eta itsasoaren arteko zubia) eta zeharkaldi bat amaitzen dabenean Iskander ikusten dogu irrifartsu. Gehienetan barrutik sentiduten dauan nekea eta higadura fisikoa ez da kanpotik igarten. Lortu daben azkeneko erronkea Oʻahutik Molokairako Kaiwi kanaleko zeharkaldia izan da eta norabide horretan lortu dauan munduko 8. pertsona bihurtu da Iskander. Errekorra lortzeko ideagaz joan ziran baina aurkitu eben korronteagaz ia lehenengo momentutik jakin eben ez zala posible izango. Izan be, euren ibilbideko zeharkaldirik gogorrena izan zan eta 18 ordu eta 53 minutu, uretan gelditu barik, behar izan ebazan Iskanderrek 44,9 kilometroko ibilbidea amaitzeko. Oʻahutik Molokairako Kaiwi kanaleko zeharkaldia egin dauan 8. pertsonea izan da, baina zeharkaldi honeek beti gogorregiak izan arren, oraingo honetan ondino gehiago sufriduta lortu eban amaitzea eta bertakoentzako Koa gerlari bihurtzea.
Bagilaren 28an Gibraltarko itsasartea zeharkatuko dabe eta holan Zazpi Itsasoak erronkea amaitzeko Japonian izango dabe azkeneko hitzordua, ondino zehaztu barik, Tsugaruko itsasartea zeharkatzeko. Betiko lez, Kokoak bilatzen ibiliko dira eta ezagutu doguzan azkeneko Kokoei (Pō, Kea, Pua eta Kai) barriak be bilduko jakez.
