Domekan "Batzen gaituen eguna" lelopean Alderdi Eguna ospatuko dau EAJk Forondan

"Eretxi desbardinek ez dabe EAJren batasuna apurtzen" zehaztu dau BBBko buruak

Itxaso Atutxa: “Pedro Sanchezen aldetik berme bat behar dogu”

Itxaso Atuxa (BBBko burua) / Bizkaia Irratia

Kongresuan gaur bertan euskera, galegoa eta katalana erabilten hasiko dira. “Gure hizkuntza da eta koofizialtasun hori beharrezkoa zan Kongresuan” zehaztu dau Itxaso Atutxak “Goizeko Izarretan” saioan. Europako erakundeetako hizkuntzak izatea be proposatu da. EBko herrialdeetako presidenteek honetaz berba egingo dabe gaur baina ez da momentuz botazinorik espero erabagia ahobatez hartu behar dalako. Herrialde batzuen artean zalantzak dagoz, batez be hizkuntza gitxituak dabezan herrialdeen artean eta horreetariko bat Frantzia izan leiteke.  “Frantziako gobernuak euskeraren erabilpen zabala galarazoten dau. Hizkuntzak berez aberastasun bat dira, estaduetako biztanleen ikur bat dira eta askoren nortasuna osatzen dabe. Hori onartzen ez dauen agintari batek ez daki noren gaineko agintaria da ” salatu dau EAJko Bizkaiko presidenteak.

Hezkuntza Legea

Hezkuntza Lege proiektuari ekarpenak egiteko azken eguna urriaren 3a izango da. PSE-EE testuak euskereari buruz dinonagaz ez dago guztiz ados. “Inork ezin dau bere esku beto gaitasun bat euki, Hezkuntza Legea itun nazional zabala izango litzateke eta PSEk gai horri buelta bat emon beharko leuskio” azaldu dau Atutxak.

Sanchez

2019an Andoni Ortuzarrek eta Pedro Sanchezek legegintzaldirako akordu bat sinatu eben. Berbetatutakoen artetik asko bete barik lotu dira, horreetariko batzuk eskumenen trasferentziagaz zerikusia daben puntuak dira. “Oraingoan Sanchezen aldetik berme bat behar dogu. Berak badaki aurreko legegintzaldian batzutan kontra bozkatu genduala, hori orain gehitu daiteke” ohartarazo dau EAJko Bizkaiko presidenteak.

Alderdi Egunari buruz, PP eta EH Bildu alderdiei buruz edo eskola garraioan egon dan gatazkeari buruz be berba egin dogu Itxaso Atutxagaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular