Planik Plan 01x23: astegoieneko planak Bizkaian

Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa

J Martina, La Raiz eta Ugao-Miraballeseko 650. urteurrena astegoien honetan Bizkaian

La Raiz taldeak kontzertu bi eskainiko ditu astegoien honetan Bilbon / La Raiz

Planik Plan irratsaioaren emonaldi barri bati ekin deutsagu asteon Bizkaia Irratian. Barikuro, astegoienean zehar Bizkaiko txoko desbardinetan egongo diran ekintzen eta egitasmoen errepasoa burutzen dogu, geure lurraldean zer egongo dan jakin eta gura dozuen plana egin daizuen. Astegoien honetatik J Martina eta La Raiz taldeen kontzertuak eta Ugao-Miraballeseko 650. urteurrena nabarmendu doguz.

Barikua

Astegoien honetan plan asko egongo dira egiteke Bizkaian, barikutik hasita. Esaterako, barikuan hasi eta zapatura arte luzatuko da Getxoko Aukeren Merkadua. Ganera, aratusteak be ospatu egingo dira geure lurraldeko txoko desbardinetan astegoien honetan. Eguneko ekitaldiei jagokenez, gaueko 21:00etan hainbat kontzertu eukiko doguz. Batetik, Getxoko Muxikebarrin Eire eta J Martina taldeen kontzertuak entzun ahalko dira. Bestetik, Bilbao Arenan, La Raiz taldeak kontzertua eskainiko dau. Ganera, bigarren kontzertu bat emongo dau La Raiz taldeak zapatuan ordu eta toki berean.

Zapatua

Hainbat ekitaldi ezbardin izango dira protagonista zapatu honetan Bizkaian. Esate baterako, Emakume Langilearen Nazinoarteko Egunagaz lotutako egitasmoak izango dira Bizkaia osoan. Ganera, Ugao-Miraballesek bere 650. urteurrena ospatuko dau. Eguneko ekitaldiei jagokenez, arratsaldeko 15:00etan Aulestiko Herriko Txokoan, bertso bazkaria egingo dabe Maider Arregi eta Eli Pagola bertsolarien eskutik. Musikari jagokonez, Bilboko Kafe Antzokian, Kaotiko eta Endemia taldeak izango dira gaueko 21:30etatik aurrera.

Domeka

Astegoieneko azken egunari begira, hainbat ekitaldi izango dira Bizkaian. Esaterako, eguerdiko 12:30etan Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, ‘Elara. Bidaia bat izarretara’ obra ikusi ahalko da. Antzerkia be protagonista izango da Getxoko Muxikebarrin. Izan be, ‘Mugitu zaitez!’ antzezlanaren emonaldi bikotxa eukiko dogu arratsaldeko 16:30etan eta 19:00etan. Azkenik, astegoienari agur esateko, arratsaldeko 19:30etan Bilboko Campos Eliseos antzokian, ‘Las huellas de Dios’ kontzertua entzun ahalko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00