Aritz Erkiaga eta Basquek, Iñaki Osa "Goikoetxea" eta Gorka Sorozabalen aurka jokatuko dabe

Emakumezkoetan, Barrenetxea eta Arakistainek Merino eta Watkins izango ditue aurkari Rekalde zumarkaleko frontoian

Jai Alai World Tourreko finala barikuan Deportivon

Erkiaga eta Goiko pelotak aukeratzen. Atzean, Ihart Arakistain eta Frida Watkins / Bizkaia Irratia

Goi mailako zesta partiduak ikusteko aukerea eukiko dabe zesta zaleek barikuan Bizkaian. Lehiok ez dira, baina, Gernikan, Markinan, Berriatuan edo Durangon jokatuko, Bilbo erdi-erdian dagoan frontoian baino, Deportivon hain zuzen be. Jai Alai World Tourreko finala jokatuko dabe Donostia, Markina, Gernika eta Hondarribian udan jokatutako torneoetan emaitza onenak lortu ebezan lau pelotariek. Halanda ze, Iñaki Osa “Goikoetxea”k eta Gorka Sorozabalek -Donostia eta Hondarribiako torneoak irabazi eban bikoteak- Aritz Erkiaga eta Basqueren aurka jokatuko dabe. Aurrelari bizkaitarrak Gernikako torneoa irabazi eban Julen Del Riogaz batera eta atzelari frantziarra Markinan nagusitu zan Xabi Barandikagaz batera. Deportivora hurreratuko diran pelotazaleek goi mailako lehia ikusteko aukerea eukiko dabe.

Jaialdia barikuan jokatuko da iluntzeko 19.30etatik aurrera. Lehenengo partiduan, euskal federazinoak antolatzen dauen emakumezkoen elite txapelketea jokatu daben lau pilotari izango dira kantxan. Barrenetxea eta Arakistain alde batetik eta Merino eta Watkins bestetik. Ihart Arakistain sopeloztarrak aurreko koadroetan jokatzen dau normalean baina barikuan atzelari lez arituko da.

Ihart Arakistain, Frida Watkins, Aritz Erkiaga eta Iñaki Osa “Goikoetxea”ren adierazpenak jaso doguz Jokoan kirol tartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular