Markinako aurrelariak eta Mikel Mancik winter series torneoan parte hartzeko aukerea irabazi dabe

PRO am torneotik sailkatutako bikoteek ez dabe partidurik irabazi Gernikako torneoaren lehen ekitaldi bietan

Jokin Arbe: “Ezustekoa emotera joango gara”

Jokin Arbe eta Mikel Manci, Zumaiako Pro am torneo irabazi ostean Iñaki Osa Goikoetxeagaz / Eraman Jai Alai

Jokin Arbe markinarrak eta Mikel Manci mutrikuarrak Gernikako Winter Series torneoa jokatzeko aukerea izango dabe Zumaian jokatutako Pro Am torneoan garaile izan ondoren. Urko Lekerikabeaskoa eta Salegi menderatu ebezan finalaurrekoan eta 2-0 irabazi eutsen Cosme eta Bailori astelehenean jokatutako finalean.

B multzoan lehiatuko dira Jokin Arbe eta Mikel Manci, Erkiaga-Ibarluzea, Johan-Lopez eta Laduche-Gorka bikoteen aurka. Hasiera baten, teoriak dino Arbe eta Mancik osaturikoa dala bikoterik makalena Gernikako winter series torneoa jokatuko daben zortzi bikoteen artean. Orain arte jokatutako edizino bietan, Pro Am torneotik sailkatutako bikoteak kanporatuta geratu dira Gernikako torneoaren lehen fasean, partidurik irabazi barik ganera.

Jokin Arbegaz egin dogu berba Jokoan kirol saioan eta Markinako aurrelariak argi eta garbi dino ezustekoa emotera joango dirala Jai Alai frontoira, aurrez aurre eukiko dabezan bikoteak goi mailakoak dirala autortu arren. Bikote sendoa eta esperientziaduna osatzen dabe Arbek eta Mancik eta euren aurka nagusitu gura dauen bikoteak izerdi asko bota beharko dauela esan deusku Markinako aurrelariak. Zemendiaren 20an jokatuko dabe lehen partidua Arbek eta Mancik Laduche eta Gorkaren aurka.

Datorren astelehenean jokatuko da Gernikako Winter Series torneoko lehen partidua Jai Alai pelotalekuan. Iñaki Osa “Goikoetxea”k eta Unai Lekerikabeaskoak, Erik Mendizabal eta Minvielleren aurka jokatuko dabe. Lehia hasi aurretik, torneoan parte hartuko daben zortzi bikoteen aurkezpena egingo dabe. Sarrera guztiak salduta dagoz eta harmailak goraino beteta egongo dira. Esan beharrik ez dago giro itzela egongo dala astelehenean Gernikako Jai Alai pelotalekuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular