Gidoi alkarteak antolatzen dau eta aurtengoa bigarren edizinoa da

Euskal emakume egileentzako film laburren gidoi lehiaketea martxan dago

Jon Artola: “Emakume gidoilarien lana ikusiarazotea da gure helburuetako bat”

Gidoi alkarteak Euskal Emakume Egileentzako Film Laburren II. Gidoi lehiaketako deialdia zabalik dauka. Euskal ikus-entzunezkoen sektorean emakumeen presentzia eta aitortza handitzea helburu daukan ekimena da honakoa. Emakume gidoigileen lana ikusiarazo, aukera profesionalak sortu, eta sektorean dagoan desorekeari bueltea emoten lagundu.

Jon Artola Gidoi alkarteko kideak azaldu dauanez, “gidoigintzaren mundua historikoki oso maskulinizatua egon da”, eta horri aurre egiteko sortu zuten igaz lehiaketea. Harrera ona izan eban: 50 proiektu inguru jaso zituzten. Aroa Fernandezek irabazi eban lehenengo edizinoa.

Bigarren edizinoko deialdia apirilaren 29ra arte egongo da zabalik, eta aurkeztutako gidoiek fikzinozkoak izan behar dabe, 15 orriko luzeragaz, eta aurretik argitaratu bakoak edo beste lehiaketetan parte hartu bakoak. Egokitzapenak onartzen dira, baina beti be jatorrizko lanaren eskubideak bermatuta egon ezkero. Irabazleak 600 euroko diru-saria jasoko dau, eta hiru finalistak ekoiztetxe profesionalen aurrean aurkeztuko dira. Horrezaz gain, urtebetez Gidoi alkarteko bazkide bihurtuko dira.

Lehiaketea ICOFF-Gasteiz jaialdiaren lankidetzagaz antolatu da, eta (H)emen, Apika eta Caostica alkarteen laguntza izan dau. Lehiaketearen irabazlea ICOFF-Gasteiz jaialdiaren barruan jakinarazoko da, maiatzaren 10ean. Informazino guztia eta izen-emotea www.gidoi.com atarian dago eskuragarri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00