Ernesto Valverderen Athleticek lau punto baino ez dauz lortu liga txapelketaren lehen lau jardunaldietan. Halandabe, Jon Uriarte presidenteak konfiantza osoa agertu dau Txingurriren taldean eta hurrengo jardunaldietan gorantz egingo dauela iragarri dau. Uriarte, Mikel Gonzalez, kirol zuzendariagaz agertu da gaur goizean Lezaman, denporaldi hasieraren ganeko balorazinoa egiteko.
Athleticeko presidenteak nabarmendu egin dau talde txapeldunaren alde egindako apostua eta gogoratu dau hamabost jokalariren kontratuak barriztu dabezala azken urtean. Nico Williamsek beste hiru urterako kontratua sinatu eban Bilboko klubagaz baina Atletico de Madriden aurkako partiduaren ostean egindako adierazpenak entzunda, ez dirudi 2027ra arte Athleticen egoteko asmo handirik daukanik. Jon Uriartek esan dau klubean lasai dagozala.
2024-25 denporaldirako helburuak zehazteko orduan, presidenteak argi eta garbi esan dau Europarako txartela lortu behar dala. Beste alde batetik, eta Europa Leagueko finala San Mamesen jokatuko dala-eta, Uriartek eskatu dau ez tematzeko larregi kontu horregaz. Halandabe, Europako Ligak sekulako ikusmina sortu dau Athletic zaleen artean eta dagoenekoz 17.000 bazkidek baino gehiagok erosi dabe San Mamesen jokatuko diran lehen faseko lau partiduak ikusteko bonoa.
Emakumezkoen taldeari jagokonez, iaz lortutako bosgarren postua hobetzea izango da helburua.