Txaber Altube geratu zan bigarren eta Aitor Bizkarra hirugarren

Santurtziko bigarren finalaurrekoan nagusitu zan Algortako bertsolaria

Jone Uria be finalean

Jone Uria / Bizkaia Irratia

Jone Uriak irabazi eban zapatuan Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Santurtziko finalaurrekoa. Serantes Kultur aretoan jokatu zan bigarren finalaurrekoa. Algortako bertsolaria, honenbestez, finalera sailkatu dala esan behar.

631 puntu Uriarentzat

Bostehun lagun baino gehiago batu ziran Serantes Kultur Aretoan Jone Uria, Txaber Altube, Aitor Bizkarra, Unai Mendiburu, Mikel Goiriena eta Bittor Altuberen saioa ikusteko.  Asier Alcedok esan deuskunez, saio oso ona izan zan orokorrean zapatukoa. Igor Menika izan zan gai-jartzailea. Epaile lanetan, Ander Arrien, Ander Txakartegi, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria, Mirari Azula eta Miriam Juaristi aritu ziren. 631 puntu emon eutsiezan Jone Uriari. Aipatu izan danez ganbarako saioa izan zan erabakigarria Uriak eskeinitako guztien artean. Asier Alcedo bat etorri dala esan behar.

Txaber Altube bigarren

Txaber Altube geratu zan bigarren. Zortziko txikian bera eta Mendiburu ibili ziran fin. Asier Alcedok lehia handia ikusi eban bera eta hirugarren geratutako Aitor Bizkarraren artean. Puntu ta erdiko aldea izan zan azkenean euren artean. Unai Mendiburu izan zan laugarren sailkatua, Mikel Goiriena bostgarrena eta Bittor Altube seigarrena.

Azken finalaurrekoa Lemoan

Hirugarren  eta azken finalaurrekoa geratzen da orain, Lemoan izango da zapatu honetan arratsaldeko bostetan, Udal Kiroldegian. Aissa Intxausti, Ibai Amillategi, Josune Aramendi, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Onintza Enbeita arituko dira bertan. Sarrera guztiak agortu dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude