Xabier Leteren heriotzaren hamargarren urteurrenean estreinau zan ikuskizuna

Gaur Bilboko Arriaga Antzokian ikusi ahal izango da

Joxan Goikoetxea: “Formato handian eskeini nahi dogu barriro Hesia Urraturik obra”

Joxan Goikoetxea eta Xabier Lete Arriaga antzokian 2010. urtean / Arriaga Antzokia

Joxan Goikoetxeak sortutako Xabier Leteren omenezko “Hesia Urraturik” ikuskizuna izango da gaur iluntzean Arriaga Antzokian. “Literatura eta musika euskaraz” zikloaren barruan eskeiniko da gaur iluntzean “Hesia Urraturik”. Joxan Goikoetxeak Xabier Leteren heriotzaren hamargarren urteurrena bete zanean estreinau eban lan hau. Goikoetxea, Xabier Letegaz batera egon zan 2010. urtean Arriaga antzokian. Orduan be, Literaturea eta Musika Euskaraz zikloan hartu eben parte Leteren “Egunsentiaren esku izoztuak” lana aurkezteko. Ordukoa gogoratuz, gaurko emonaldia berezia izango dala esan deusku Joxan Goikoetxeak.

Bere nahi pertsonala

“Hesia Urraturik” ikuskizuna sortzea, bere nahi pertsonal bat izan zala azaldu deusku Goikoetxeak. Eskertza adierazteko modu bat. 2020. urtean estreinatu eta lau emonaldi eskeini ziran orduan. Horreetatik diskoa be argitaratu da. Alegoria moduko oratorio sinfoniko-korala litzateke “Hesia Urraturik”. Gaur Arriagan, Landarbaso abesbatza arituko da Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean, Klara Mendizabal sopranoa eta Beñat Egiarte tenorea be arituko dira eta Xabier de Felipe biolin-jotzaile bilbotarra be bai. Egokituta dakarre “Hesia Urraturik” baina lana osotasunean eskeiniko dabe.

Formato handian barriro

Pandemia garaian estreinau zan “Hesia Urraturik”. Lau emonaldi eskeini ziran orduan. Murrizketak nagusi ziran garaian izan zan.  Jentea ikusteko gogoz geratu zala jakinda, Joxan Goikoetxeak esan deusku orain barriro be eskeini gurako leukiela formato handian.
Momentuz Arriaga antzokiko gaurko saioa baino ez daukie. Iluntzeko zazpi ta erdietan hasiko da gaurkoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular