'Euskerazko musikagintzaren genealogia barri bat' gaia aukeratu dabe

Garagarrilaren 2an eta 3an izango dira aurten bosgarren ikastaroak Oiartzunen

Kanterri, euskal musikagintzea ertz guztietatik

Bihar zabalduko da Kanterri egitasmoaren barruko ikastaroetan izena emoteko epea. Kanterri, ‘euskeraz kantetan dauan herria‘ da egitasmoa eta Oiartzunen garagarrilaren 2an eta 3an egingo dira aurten ikastaroak bosgarrenez. Oiartzungo Kantagiltza alkartea, Udala, Ahotsenea eta Soinuenea alkarteak dira antolatzaileak. Azken alkarte honeetatik, Gotzon Barandiaranek esan deusku gaur, kantagintzaren ganeko alkarrizketa soziala bultzatzea dala ikastaroen helburua, musikagintzea ertz guztietatik azaldu gura da.

Berbaldiak, mahai-ingurua, kantaldia…

Euskerazko musikagintzaren geneaologia barri bat gaia aukeratu da urte honetako ikastaroetarako. Euskal kantagintzaren historia beste ikuspegi batetik berridatzi beharraz hausnartuko da aurten. Berbaldiak, mahai-inguru bat eta kantaldi bat izango dira Oiartzunen garagarrilaren 2an eta 3an. Iratxe Retolazak euskal kantagintzaren genealogia feministak aztertuko dauz, Iraia Cambrak emakumeak euskal musika ezenan izandako lekua, Jone Expositok euskal musikagintaren hausnarketa feministea egingo dau, eta Udane Barinaga-Rementeriak aktibismo feminista aztertuko dau Euskal Herriko musika kontrakulturaletan. Hizlarion saioak osogarriak dira. Mahai-inguruan, bestalde, aurtengo pastorala idatzi dauan Leire Casamajou, Estitxuren ganeko lana egin dauan Franck Dolosor eta Maixa Lizarribar trikitilaria izango dira. Kantaldian, barriz, Estitxu, Lurdes Iriondo eta Maite Idirin izango dabez gogoan Maider Bedaxagarrek, Maialen Alfarok eta Naia Roblesek. Bihartik maiatzaren 28ra bitartean emon daiteke izena ikastaroetan, Kanterriren web orrian. Egun bakarrerako eta bietarako emon daiteke izena. Oiartzungo Udalbatza aretoan izango dira saio guztiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00