Datorren urtean estreinatzea aurreikusten da

Asier Altunak zuzentzen dau Kirmen Uriberen eleberrian oinarritutako filmea

“Karmele” filmearen errodaia abian

"Karmele" filmea / Bizkaia Irratia

Karmele filmearen errodaia hasi da apirilean. Kirmen Uribek idatzitako Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarritutako filmea da Karmele. Asier Altuna zinemagilea arduratu da gidoia egiteaz eta bera ari da filmea zuzentzen. Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy aktoreak izango dira pelikula honetan Karmele Urresti eta Txomin Letamendi. Gogoratu pertsona bi honeen benetako historia kontau ebala Kirmen Uribek bere eleberrian. Nobela hau, zortzi hizkuntzatara itzuli da. Kritikaren sari nazionala jasotzeaz gain, Euskaltzaindiaren urteko liburu onena be izan zan.

Errodaia maiatzean zehar

Apirilean hasi eta errodaia maiatz amaierara bitartean luzatuko da. Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin ibiliko dira filmatzen. Asier Altuna zuzendariak esan deuskunez erritmo onean eta oso gustora dabiz lanean. Goraipatu egin dau aktore protagonista bien lana. Eurekaz batera, besteak beste, Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran be arituko dira filme honetan.

Sinopsia

Karmele erizain euskaldun bat da. 30ko hamarkadaren amaieran Frantzian erbesteratuta dagoala Txomin ezagutzen dau, tronpeta-jole handia. Bikoteak maitasun eta konpromiso politikoko istorioa biziko dau Parisen, Caracasen eta Euskal Herrian zehar. Familia eta ideiekiko fideltasunaren artean aukeratzeko momentua helduko jake euren harremanean. Karmele filmea datorren urtean estreinatzea aurreikusten dau Asier Altunak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular