Orain 19 urte sortu zan Fruizko Kirkiñitu mendi taldea

Urtean zehar 3-4 urteera egiten dabez eta bagilean Ibilaldi Neurtua antolatzen dabe

Kirkiñitu mendi taldeak XVII.Ibilaldi Neurtua egingo dau bagilaren 18an

Fruizko mendi taldea Kirkiñitu mendi taldea deitzen da. Herrian bertan dagoan tontor bat da Kirkiñitu eta hortik hartu eben izena, 2004.urteko irailean, mendi taldea sortzeko erabagia hartu ebenean. Luis Mari Mallona presidenteak azaldu deuskunez, lagun talde bat hasi zan urteerak egiten, mendira joaten, Pirineotara… eta hortik sortu zan Kirkiñitu mendi taldea. Gaur egun 50-60 bazkide dira. Taldea nahiko hetereogeneoa da: batzuk korrika egiten dabe, beste batzuk oinez egiten dabe eta BBT atala be badaukie taldean.

Helburua, Mallonaren esanetan, kirola zabaltzea da. Gaztetxuenetatik hasi eta nagusiak arte.

Urtean zehar Fruizko Kirkiñitu mendi taldeak 3-4 urteerak antolatzen dauz. Egun bakarreko urteerak diranean, batez be, Euskal Herritik mogiduten dira. Baina 2-3 egunekoetan, Pirineotara edota Europako Mendietara be joan izan dira.

Kirkiñituk Fruizko Ibilaldi Neurtua be antolatzen dau. Aurtengoa 17.edizinoa izango da eta bagilaren 18an izango da. Urterik urtera ibilbidea aldatuz joaten dira eta horretan ehiztarien laguntzea izaten dabela aitortu deusku Kirkiñitu mendi taldeko presidenteak. Bere esanetan, azkenengo urteotan eboluzinoa egon da distantzian. Lehen 10 kilometro bueltan ibilten ziran ibilaldiak, baina, gaur egun 20 kilometrora hurreratzen dira. Mendizaletasuna osasuntsu dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular