Kirola On tresna jarri dau abian Bizkaiko Foru Aldundiak, eskola kirolean dabiltzanek jasan leikiezan indarkeria egoerak detektatu eta saihesteko. Tresna integral eta aitzindaria da Kirola On. Leixuri Arrizabalaga, euskera,kultura eta kirol zuzendariak esan deuskunez, komunikazinorako tresna bat da. Gogoratu dauanez, aldundiak urte asko daroaz federazinoakaz eta bestelakoakaz lanean indarkeria egoera eta mota guztiei aurre egin gurean. Erabiltzeko orduan, tresna arina eta erraza da Kirola On. Isilpeko komunikazino-kanal bat da. Zalantzak, galderak, kezkak planteatu ahal izango dira. www.kirolaon.eus webgunean sartuta, formulario bat betetea baino ez da. Zerbitzu hau eskola kirolaren eremuan ari dan komunidade osoari eskaintzen jako. Kanal hau edozein momentutan erabili ahal izango da eta isilpekoa izango da. Batzorde bat eratu da Kirola On tresnak izango dauan erabileraren jarraipena egiteko.
Denboraldi barrian erabilgarri
2024-2025 denboraldia hasi baino ez da egin eskola kirolari jagokonez. 62 lehiaketa-jarduera dagoz, 44 diziplina, 614 hastapen eta jolas-ikastaro eta 8154 plaza. Aurten, parkourra eta arku-tiroa modalidade barriak sartu dira lehenengoz. Kirol eta kultura diputaduak eskola kirolaren garrantzia azpimarratu dau. Foru Aldundiak bi miloi euro ta erdi bideratu dauz programa honetarako.