Oier Zarraga Egaña hamar urtegaz heldu zan Lezamara Romo taldetik eta hamar urte beranduago lehen taldean jokatzen dabil, maila guztietan elastiko zuri-gorria jantzi ostean. Berrogeta hemeretzi partidu jokatu dauz hiru denporalditan eta hasieratik jokatu dau hiru partidutan Ernesto Valverderen aginduetara. Aurtengo ekainean amaitzen jako Athleticegaz daukan kontratua eta ondo bidean ez zuri-gorriz jantzita jarraituko dau. Berak Athleticen jokatzen segidu gura dau eta Ibaiganek lehen taldearen plantilan euki gura dau. Beraz, akordioa ez da urrun egongo.
Zarragak aitortu deusku Cadizen aurka lortutako garaipena oso garrantzitsua izan dala, bolada txarrari amaierea emoteko eta sailkapenean gorantz egiteko. Getxoko jokalariak oso ondo ikusten dau taldea eta baikor dago Ligako bigarren itzulira begira. Kopa txapelketako finala aitatu eta aurpegia biztu egin jako 24 urteko jokalariari. Ezin dau ukatu ilusino handia daukala jarrita Osasunaren aurkako finalaurreko gainditu eta Sevillako finala jokatu eta irabazteko. Osasunaren aurkako ligako partiduan emon eban bere mailarik onena eta bide horretatik jarraitu gura dau.
Ondo baino hobeto daki oso gatxa dala lekua lortzea Athleticen hasierako hamaikakoan. Izan be, hautagai asko dagoz erdialdeko postuetarako. Eroso dago zelai erdian jokatzen baina gustoko dau aurkariaren ate ingurura hurreratu eta gola sartzen ahalegintzea. Baloia ondo joten dau eskumeagaz zein ezkerragaz eta gol nahikutxo sartutakoa da gazte mailan zein Basconian eta Bilbao Athleticen. Oso gustora egon gara berbetan beragaz Jokoan kirol tartean.