Osasuna eta Athleticen arteko kopa txapelketearen kanporaketea San Mamesen erabagiko da, datorren apirilaren 4ean gaueko 10etatik aurrera jokatuko dan partidu erabakigarrian. Sadarren jokatutako norgehiagokak ez dau ezer erabagita itxi baina Osasunak aurrea hartu deutso Athletici finalerako sailkatzeko lasterketan. Lehia handiko partidua iza n zan eguaztenekoa, gol aukera gitxikoa, baina talde batek baliatu egin eban sortu ebazan aukeretako bat eta besteak, ostera, ezin izan eban golik sartu aurkariaren atean.
1-0eko emaitzea txarra dala dino Ernesto Valverdek, batez be, ez zalako ezer gertatu Sadarreko partiduan. Talde biak bikain ibili ziran aurkariaren jokoa deusezteko zereginean. Aurrera begira, ostera, gauza gitxi egin eben. Julen Agirrezabala, Athleticeko atezainak ez eban lanik izan partidu osoan. Behin jaurti eben gorritxoek zuri-gorrien atera eta Abdek sareetara bialdu eban baloia.
Hilabete barru jokatuko da Athleticen eta Osasunaren arteko bueltako partidua San Mamesen. Gauza asko gertatu daitekez ordurako. Talde biek launa partidu jokatuko ditue martxoan zehar: Zuri-gorriek Rayo Vallecanoren zelaian jokatuko dabe domekan, Bartzelona hartuko dabe hurrengo domekan Katedralean, Valladoliden aurka lehiatuko dira hurrengo jardunaldian Pucelan eta Getafe izango dabe bisitari Osasunaren aurka barriro jokatu aurreko astegoienean. Kopako kanporaketea Osasunaren alde ipini bada be, Valverderen taldeak bere eskuetan dauka Sevillako finalerako sailkapena. Horretarako, baina, azken partiduetan baino joko hobea erakutsi beharko dute zuri-gorriek, baloia oinetan daukienean batez be.