Oihan Sancet Tirapuk dino oso pozik dagoala Bilbon baina ez dau ezer argitu bere etorkizunaz

Erdilari nafarrak ondo ikusten dau taldea eta Europarako sailkatzeko gauza dala dino

“Kopea irabazi nahi dogu baina ez dogu ligea bazterrean itxiko”

Oihan Sancet Tirapu da Athleticeko goleatzailerik onena denporaldi honetan zortzi gol sartuta / Bizkaia Irratia

Hogeta bi urte baino ez dauka Oihan Sancet Tirapuk. Athleticeko jokalariak hogeta bi partidu jokatu ditu denporaldi honetan eta zortzi gol sartu. Garbi dago, Valverderen taldeko jokalaririk garrantzitsuenetakoa dala, garrantzitsuena ez bada. Ganera, bera da ekipoko golegilerik onena. Beragaz egon gara berbetan Lezaman eta hainbat kontu aztertu doguz. Sanceten eta Athleticen arteko lan kontratua datorren urteko ekainaren 30ean amaitzen da. Etorkizunaren ganean itaunduta, Sancetek esan deusku bera oso pozik dagoala Athleticen baina ez dau ezer gehiago esan bere etorkizunaz, kontratu kontuak bere ordezkariak daroazela argudiatuta. Antzeko zeozer erantzuten dau Nico Williamsek be. Bien kontratua amaitzen da datorren urteko ekainean eta ordezkari bera daukie biek.

Oihan Sancetek konfiantza handia dauka taldean eta uste dau Athleticek indarra daukala Europarako postuetan amaitzeko Liga txapelketea. Horretarako, baina, orain arte baino erregulartasun handiagoa erakutsi beharko dauela dino. Sancetek autortu egin deusku plantilan gogo handia dagoala Kopa txapelketea irabazteko. Hori bai, nafarraren ustez, hanka-sartzea izango litzateke Liga bazterrean iztea.

Bere jaioterrian jokatuko dau datorren eguaztenean, Osasunaren aurka, kopa txapelketako finalaurrekoetako kanporaketako joaneko partiduan. Sancetek hiru gol sartu eutsazan Jagoba Arrasateren taldeari Sadarren eta gogotsu dago datorren eguazteneko partidua jokatzeko. Gustora egon gara Oihanegaz berbetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular