Kuttune musika talde euskaldunak lehenengoz joko dau Euskal Herritik kanpo

Asturiasen, Cangas de Narcean joko dau Kuttunek martiaren 24an

Kuttune, Euskal Herritik kanpora be musika tradizionala zabaltzen

Kuttune taldea 2022.Urdufolk jaialdian / Txemari Ortiz de Luna

Kuttune musika taldea susperraldian dagoan folk taldea da. Nerea Quincoces perkusionistea eta abeslaria da taldeko zuzendaria, eta Charlie Santiago, Irene Gil, Aingeru Torre, Pablo Davila, Jordi Arcusa, Tania Loza, Unai Olabarri eta Pablo Bueno musikariak daukaz bidelagun.

Irene Gil taldekideak azaldu deuskunez, folklorea Euskal Herriko ikuspegitik egitea daukie helburu, baina beste herrialde batzuetako musikak be baliatzen dabez. Fusinoa da Kuttuneren ardatza, euskal kulturea nahasten dabe inguruan dagozan beste kultura batzukaz.

Kuttune taldeak 2021.urtean kaleratu eban Hauxe da! debuteko diskoa. Mecca estudioan grabau eben, Oiartzunen, Mikel Eceiza teknikariagaz. Oraintsu Airezko etxea izeneko kantua plazaratu dabe. Jon Maiak jarri deutsaz berbak eta abotsa Kuttuneren proiektu barri honi.

2023rako asmoak

Irene Gilek aurreratu dauanez, musikea sortzen segidutea da Kuttune taldearen helburuetako bat 2023.urterako. Jon Maiagaz beste kolaborazinoren bat egitea edota disko barri bat kaleratzea aurreikusten dabe. Horrezaz gain, kontzertuak eskaintzen be badabilz. Martiaren 24an Asturiasen joko dabe, Cangas de Narcean. Honakoa Euskal Herritik kanpo eskaintzen dauan lehenengo kontzertua izango da Kuttune taldearentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular