Barikuan estreinaldia Arriaga Antzokian

Khea Ziater konpainiaren lan barria

“La sed del minotauro”, tragedia komikoa

"La Sed del Minotauro" antzezlana / Arriaga Antzokia

Khea Ziater konpainiaren La Sed del Minotauro estreinauko da barikuan Bilboko Arriaga antzokian. Alex Gerediagak idatzi eta zuzentzen dauan antzezlana da, Arriaga antzokiagaz batera lankidetzan sortua. Maitasuna bilatzen daben antiheroi batzuen ganeko istorio bat dala esan daiteke. Jon Ander Urresti aktoreak esan deusku, tragedia komiko bat dala. Gurutzatzen diren istorioen arteko talka eraikitzen da une magikoak sortuz.

Antzerkia eta zinema

Jon Ander Urrestigaz batera, Ainhoa Artetxe, Leire Ucha, Arrate Etxeberria eta Txubio Fernandez de Jauregi aktoreak ari dira La Sed del Minotauro antzezlanean. Oraingo honetan be, eta zortzigarren aldia da, Gerediagak eta  Khea Ziater konpainiak eutsi egin deutse antzerkiaren eta zinematografiaren arteko harreman-kodeak bilatzeko apostuari. Arlo estetikoan zein narratiboan, antzerkia eta zinema buztartu egiten dira antzezlanean.

Istorioa

Kafetegi-taberna baten gertatzen da istorioa. Bezeroak sartu-urtenean dabiz maitasun bila, ia kontuan hartzen ez dabezan mundu batetik ihes egin gurean. Urresti, esate baterako, tabernaria da antzezlanean. Alex Gerediagaren esanetan, pertsonaia guztiak maitagarriak dira. Guztiak kafetegian batzen diren eguna ez da edozelangoa izango, gauza handiak gertatuko dira bertan.

Bertsino bi

Barikuan, bertsino elebiduna estreinauko da Arriaga Antzokian, euskeraz eta gaztelaniaz. Ondoren, zapatu eta domekan gaztelaniaz izango da. Herriaren arabera, bertsino elebiduna edo gaztelaniazkoa eskeiniko da, antzoki edo udal bakotxak aukeratuko dau zein bertsino eskeini. Irailera bitartean 20 emonaldi baino gehiago eskeiniko dabez Euskal Herrian zehar. Sopelan eta Durangon eskeiniko dabe zezeilean eta martian Zornotzan, Gernika-Lumon eta Mungian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00