Amorebieta-Etxanok LandaLand Jaiaren lehen edizinoa ospatuko dau bihar Jauregibarrian. Jaia adin guztietako herritarrak alkartzeko helburuagaz sortu dabe, familia giroko kultura eta aisialdi eskaintza barria eskainita. Goizetik gauera arte luzatuko dan egitarauak jarduera ugari eskainiko ditu, herritarren parte-hartzea sustatuz eta Jauregibarria udalerriko kultur eta aisialdi gune nagusietako bat bihurtuz egun batez, Koldo Bilbao zinegotziak azaldu deuskunez.
Programazinoari jagokonez, lehen mailako artistak izango dira bertan. Esaterako, Mikel Urdangarinek eta Olaia Inziartek kontzertuak eskainiko dabez. Halanda be, programazinoa eguerdian hasiko da Udabarri Dantza Taldearen emonaldiagaz. Aldi berean, food truck gunea, rokodromoa eta egurrezko jolasak martxan jarriko dira, haurrek zein helduek egun osoan zehar gozatu ahal izateko. Programazinoaren barruan, ipuin-kontalarien saioak be izango dira, eta arratsaldean Eneko Martinez magoak emonaldi bi eskainiko ditu publiko guztiarentzat.
