Epaile batek Basurtuko bihotz kirurgiaren zerbitzua Gurutzetara lekualdatzeko prozesua eten dau. Osasun sailak hartutako erabagiaren aurka Basurtuko hainbat profesional agertu dira, mobilizazino ugari egon dira eta orain Justiziak Gotzone Sagardui sailburuaren taldeak hartutako erabagiaren kontra egin dau.
Basurtuko kirurgia zerbitzuko langileak pozik
Gasteizko epaitegi batek kautelazko neurria hartu dau argudiatuta holako zerbitzua ospitale batetik desagertzen danean eritetxe horretan hilkortasun tasak gora egiten dauela. Epaileak be dino bihotz kirurgiaren lekualdatzea emoten bada kalteak pazienteek eta beharginek jasango dabezala. Bederatzi egun baino ez dira falta zemendiaren 17rako eta egun horretarako Basurtuko bihotz kirurgiaren lekualdatze fisikoa aurreikusita eukan Osasun sailak. Ba epailearen aginduz bertan behera geratuko da. Larraitz Gaztañagak, Basurtuko ospitaleko kardiologoak azaldu deuskunez sententziak agerian izten dau Osasun sailaren erabagia norabide bakarrekoa eta unilaterala izan dala. “Une honetan sekulako itxaron zerrendak dagoz Gurutzetako eta Basurtuko ospitaletako kirurgia zerbitzuetan eta iruditzen jaku batuketak ez dauela ezelango onurarik ekarriko. Fusinoa emotekotan zirujau bakotxak ez dau orain baino ebakuntza gehiago egingo beraz Osasun sailaren azalpenak ez dauka oinarririk” zehaztu dau Gaztañagak.
Osasun sailak helegitea aurkeztuko dau
Osasun sailak sorpresaz hartu dau epailearen erabagia. Sailetik dinoe epaileak zerbitzuaren lekualdatzeari buruzko sakoneko kontzeptuetan sartzen dala eta hori arretaren kudeaketeari jagokola eta horren arduraduna Osasun Saila dala. Epaileak esan dau sententziak ez daukala atzera bueltarik eta ezingo jakola kontra egin. Osakidetzak baina iragarri dau helegitea aurkeztuko dauela.