Orain arte, Hezkuntza Sailak jarritako taxiak umeak autobus geltokira eroaten ebazan, handik Markinara joateko, baina kontratua amaitu eta barria adostu ez danez, familiak konponbide barik geratu dira.
Gurasoek salatu dabenez, ume batzuek kilometro bi inguruko bidea egin behar dabe oinez autobus geltokira heltzeko, eta bide horreek ez dagoz prestauta: ez dago argiteriarik, ez espaloirik, ezta segurtasuna bermatzeko baldintzarik be. Horrek eguneroko arazo handiak sortzen deutsez familiei, lana eta umeen garraioa buztartu ezinda.
Ainara Antxustegik Bizkaia Irratian azaldu dauenez, Delegaritzara, Lakuara, Udalera eta Arartekora jo dabe, baina oraingoz ez dabe erantzun zehatzik jaso. Hezkuntzak kilometroko dirulaguntza eskaini deutse, baina familiek argi dinoe diruak ez dauela arazoa konpontzen. Euren eskaera nagusia da taxi zerbitzua berehala berrezartzea.
Familiak kezkatuta dagoz irailetik aurrera autobus zerbitzua galtzeko aukera dagoalako. Egoerak bardin jarraitzen badau, mobilizazinoak hasteko prest dagozala iragarri dabe, landa eremuko umeek be doako eta kalidadezko hezkuntzarako eskubidea bermatuta izan daien.
