Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexako 91 herritar dira bazkide sortzaileak

Joan dan urriaren 20an egin zan Leargi kooperatibearen eratze batzarra

Leargi, Lea Ibarreko Energia Barriztagarrien komunidadea, martxan

Euskal Herrian konsumiduten dogun energiaren %10era be ez da iristen berton ekoizten dana. Eta askoz be urriagoa da energia barriztagarrien kopurua. Energiaren gaia gure eguneroko bizitzen erdian kokatu da azken urteotan, klima larrialdia dala, prezioen igoerea dala… Zer egin horren aurrean? Hortxe kokatzen dira Energia Barriztagarrien Komunidadeak (EBK). EBK-ak personak, enpresa txikiak, alkarteak zein tokiko erakundeak batzen dauazan erakundeak dira, alkarlanean personei energiaren inguruan zerbitzu batzuk emoteko.

Lea Ibarrean Leargi Energia Barriztagarrien komunidade kooperatibea sortu barri dabe. Gaizka Zenarruzabeitia kooperatibako idazkariak azaldu deuskunez, beharrezkoa daben energia iturri barriztagarrietatik eta hurreko ekoizpen bideetatik lortzeko helburuaz sortu da Leargi. Alkarlanaren bitartez ingurumen, ekonomia eta gizarte onurak lortu nahiko leukez eta lortzen dan aberastasuna Lea Ibarra osotuten daben bost herrietan (Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexa) geratzea.

Lea Ibarreko Udal Txikien mankomunidadearen barruan egindako lehen hausnarketeagaz 2021eko udagoienean sartu ziran Lea Ibarrean Energia Barriztagarrien Komunidade bat sortzeko bidean. Bost udalek emon eben lehenengo pausoa eta aurtengo urtarrilean hasi ziran  batzartzen. Orain, 2022ko urrian, Leargi sortu da 91 bazkide sortzaileen eskutik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular