'Korrika egin kausa baten alde, korrika egin Haur Errefuxiatuen alde' lasterketa solidarioa egingo da domekan Bilbon

Lasterketan bildutako dirua Eskola Aterpea kanpainara bideratuko da, haur errefuxiatuak eta euren familiak zaindu, babestu eta laguntzeko

Leire Morquecho (Alboan): “Haur errefuxiatuentzat eskolak segurtasun leku bilakatzen dira”

Domekan, zezeilaren 4an, Korrika egin kausa baten alde, korrika egin Haur Errefuxiatuen alde lasterketea egingo da, Deustuko Unibersidadeak, Indautxu Jesuitak ikastetxeak eta Alboan gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta. Alkartasunezko jaia izango da, bertan korrika egiteko, ibilteko zein dantzatzeko aukerea egongo da. 9 kilometroko lasterketea edo 5 kilometroko martxeagaz, zapatilak janztera konbidetan gaitue: Ukrainia, Libano, Kolonbia edo Tanzaniako haur errefuxiatuen alde korrika egitera edo ibiltera. Bildutako dirua Eskola Aterpea kanpainara bideratuko da, haur errefuxiatuak eta euren familiak eta komunidadeak zaindu, babestu eta laguntzeko.

Leire Morquecho Alboan GKE-ko Lankidetza saileko arduradunak azaldu dauanez, munduan 110 milioi pertsona baino gehiago errefuxiatuak, desplazatuak eta migratzaileak dira. Horreetatik 43 milioi haurrak dira. Bizitza barri bati aurre egin behar deutse, beldurrez eta ziurbakotasunez beteak, eta hezkuntzarako daukien eskubidea berreskuratu behar dabe.

Korrika egin kausa baten alde, korrika egin Haur Errefuxiatuen alde lasterketearen urteera Euskalduna zubitik izango da, eta toki berean amaituko da. Ibilbide zirkularra, beraz. 9 km-ko lasterketea 11:30ean hasiko da, eta jarraian 5 km-ko ibilaldia. Aurretik, dantzaldia izango da eta Indautxu Jesuitak ikastetxeko Ikasle Ohien Abesbatzak Santa Agedaren omenez abestuko dau. Lasterketa amaitzean, Maguaré Bilbao taldeak Kolonbiako dantza batzuk eskainiko dauz.

Izena emoteko www.correporunacausa.org webgunean sartu behar gara. Helduek 12 € ordaindu behar dabe, 5 € 14 urtetik beherakoak. Ganera, “zero dortsala” egongo da edozein pertsona edo erakunderen eskura, borondatez gura dauan zenbatekoa emoteko. Partehartzaile guztientzat dortsal bakarra egongo da, 43 zenbakia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular