Leixuri Arrizabalaga, BFAko bozeroealea eta Kultura diputadua alkarrizketatu dogu gaur Goizeko Izarretan saioan. Bilboko Guggenheim museoko patronatuak haurnartzeko denporea hartuko dau, Urdaibaiko proiektuagaz aurrera jarraituko dauen erabagiteko. Bi urte honeetan proiektua zehaztuko dabe, planak egin eta herritarren parte hartzea sustatu. “Busturialdeko herritarrak entzungo doguz, guk uste dogu holako proiektu bat beharrezkoa dala baina herritarren ekarpenak jaso behar doguz” azaldu dau BFAko bozeroaleak. “Gu ez gagoz hauteskundeei begira, gu proiektu honi begira gardentasun osoz gabilz” gaineratu dau Arrizabalagak. Kotsultak egiteko udalakaz berbaz dabilzala eta kontsultea eskualde osora zabalduko dala jakinarazo dau BFAk.
Ernest Urtasun Kultura ministroak atzo EAJko Joseba Agirretxeak Picassoren Guernica margoa Euskadira ekarteari buruzko galdereari erantzun eutsan, esanaz, berak badakiala eskatutako hori aldarrikapen historikoa dala. “Guk beti aldarrikatu dogu Guernica Gernikara etorri behar dala, ez dot pentsetan Sumar orain Kultura ministeritzan egoteagaitik hori aldatuko danik, ministro barriagaz orain konfiantza barria landu behar dogu berak gugaz enpatia euki dagian” azaldu dau Arrizabalagak.
Arte Ederretako Museoa eta Euskal Museoa
Arte Ederretako museoaren handitze fasea 2025erako prest egongo da. “Barikuan V formako hasierako zutabea jarri zan eta hurrengo hilabeteetan goiko solairua eutsiko daben beste zutabeak ikusiko doguz” azaldu dau Kultura diputaduak. Euskal Museoaren erabarritzeari jagokonez eraikina une honetan hutsik dago. “Inpresinoa emoten dau eraikin osoa hutsik ikusteak eta lanak behin amaituta Euskal Museo barritua eukitea oso ona izango da Bilborako eta Bizkairako”.
Nestor Basterretxearen mendeurrenari buruz, bizkaiereari emon beharreko bultzadeari buruz, FITURi buruz edo Udalekuetan egongo diran plaza barriei buruz be berba egin dogu Leixuri Arrizabalagagaz.