
Asteon Lekaleen munduko eguna ospatu zan, eta horren inguruan egingo dogu berba Sara Txurruka nutrizionisteagaz Lau Haizetara irratsaioan. Lekeitioko Orekan Bat zentroko adituak lekaleek gure dietan daukien garrantzia azpimarratu dau, eta lekaleen propiedade nutritiboak azaldu deuskuz.
Lekaleak proteina begetal iturri bikaina dira, baina ezinbestekoa da jakitea lekale guztiek ez daukiezala aminoazido esentzial guztiak. Txurrukak argitu dauanez, elikadura osasuntsu baterako, lekaleak beste elikagai batzukaz konbinatu behar dira. Adibidez, dilistak arrozagaz jatea konbinazino egokia da, proteina osoa lortzeko. Era berean, fruitu lehorrakaz edo haziakaz konbinatzea be gomendagarria da. Bestalde, lekaleak burdinean be aberatsak dira. Gorputzak burdin hori hobeto xurgatzeko, C bitamineagaz batera hartzea aholkatzen da. Laranja, tomate edo piper gorria gehitzea lagungarria izan daiteke mineral hori eraginkorrago barneratzeko.
Lekaleak ez dira bakarrik lapikokoagaz lotu behar. Lekaleen kontsumoa urte osoan gomendagarria da. Txurrukak gogorarazo dau garbantzuak entsaladan edo hummus-ean jan daitezkela, eta azkenaldian lekaleakaz egindako pastak edota hanburgesa begetalak be merkaduan gero eta ohikoagoak dirala. Pertsona batzuk digestino arazoak izaten dabez lekaleak jatean. Horretarako, aholku batzuk be emon dauz: lekaleak ondo beratu eta urez aldatu egostean, baita espezia batzukaz (jengibrea, kominoa…) batera erabiltzea be.
Ganera, lekaleek ingurumenarekiko daukien eragin positiboaz be hitz egin dau. Haragiaren ekoizpenagaz konparauta, askoz ur gitxiago behar dabe eta lurzorua onuragarriago lantzen dabe, nitrogenoa finkatuz eta ongarrien beharra murriztuz. Beraz, osasunarentzat ezeze, planetarentzat be aukera jasangarria dira.
Gitxienez, astean, lekaleak birritan kontsumitzea aholkatzen dau Sara Txurrukak. Nutrizino abantailak izateaz gain, energia emoten dabe eta gaixotasun kronikoak prebeniduten lagundu leikie. Beraz, lekaleak gure dietan sartzea ohitura osasungarri eta iraunkorra da.