Koldo Goitia alkateagaz udalerriaren orainaz eta etorkizunaz berba egin dogu gaur goizean Lekeitioko Santo Tomas azokan egin dogun Herriz Herri tartean. Eguerdiko 14:30ak arte Santo Tomas azokan inguruko ekoizleen produktuakaz 32 saltoki egongo dira. Lea-Artibai eskualdeko lehen arloko nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizleen lana sustatu eta euren produktuen kontsumoa bultzatu gura dabe. Goizeko azoka giroari arratsaldeko pilota partiduek emongo deutsie jarraipena, arratsaldeko 18:00etan hasita. Akarregi pilota partiduak, udalagaz eta Bizkaiko Esku Pilota Federakuntzagaz batera euskal pilota jaialdia antolatu dau Santi Brouard pilotalekuan.
Turismoaren ikuspuntutik azkeneko udea oso ona izan dala kontau deusku Koldo Goitiak. Urtarrilean Madrilen egingo dan FITUR turismoaren nazinoarteko azokan Lekeitioko tsas-ondarea balioan jarriko dabela aurreratu dau Goitiak.
Bestalde Lekeitioko portuan segurtasuna bermatzeko lanak egin dabez, pantalan seguruak jarri dabez. Astialdirako 30 ontzi inguru portutik kanpo geratu dira eta Goitiak esan deusku ontzi horreei urtenbide bat emon gurean dabilzala.
Era berean Lekeition alkarbizitzan aurrera egin dala zehaztu dau alkateak, baretasun batera heldu dala azpimarratuta. “Urteetan amestutako alkarbizitzea igerten dot” gaineratu dau Goitiak.