Europan plastikoen produkzinoa nabarmen hazi da azken hamarkadan eta ontzien erdia baino gehiago ez da birziklatzen. Euskal Herrian be supermerkadu batera joaterakoan oso gatxa da plastikorik bako zeozer erostea.
Kantauri Itsasoan dagozan pelletek plastikoaren mugarik bako kontsumoa fokoen aurrera ekarri dabe eta Greenpeacek neurriak eskatu deutsoz Espainaiko Gobernuari. Batetik, plastikoen aurkako nazinoarteko itun globala eskatu dabe; bestetik, supermerkaduetan saltzen diran frutak eta barazkiak plastifikatzearen kontrako neurri zorrotzak. Modu berean Sanchezen gobernuari erabilera bakarreko ontziak galarazotea eskatu deutse, baita berrerabilpena sustatzeko helburuak eta zifrak zehaztu dagiazala be.
“2050erako plastiko produkzinoa %75 murriztea gura dogu baina neurririk hartzen ez bada plastikoa murriztu barik bikoxtu edo hirukoxtu leiteke” azaldu dau Lorea Floresek Greenpeaceko Euskal Herriko ordezkariak.
Era berean, Greenpeacek Eusko Jaurlaritzak onartu gura dauen Aldaketa Klimatikoaren Kontrako Lege proposamenari alegazinoak aurkeztu deutsoz. “Legeak ekonomia zirkularrari buruz berba egiten dau baina plastikoari buruzko erreferentziarik ez dau ia egiten” salatu dau Floresek.