Euskalduna Jauregian gaurtik aurrera

Bilboko Udal Txistulari Bandak gaur emongo deutso hasierea denboraldi barriari

“Lurraren Koloreak” izenburupean zazpi ikuskizun aurten

Bilboko Udal Txistulari Banda / Bizkaia Irratia

Bilboko Udal Txistulari Bandak gaur emongo deutso hasierea denboraldi barriari. “Lurra Terra” izeneko ikuskizuna eskeiniko dabe iluntzeko zazpiretan Euskalduna jauregian. Gaurtik datorren urteko apirilaren 17ra bitartean zazpi ikuskizun iragarri dabez. “Lurraren Koloreak” izenburua aukeratu dabe denboraldi barrirako. Gorka Zabaleta Udal Txistulari Bandaren zuzendariak azaldu deuskunez izen horregaz loturea daukien ikuskizunak izango dira guztiak.

Barrikuntza erakargarriak

Barrikuntza erakargarriak sartu nahi izan dabez denboraldi barri honetan be. Horren barruan sartzen dira artista gonbidatuak izango dabezala eurekaz batera. Aurrekoan be holan izan zan eta ondo joan zala esan deusku Zabaletak.
Denboraldi honetan zehar, Garazi Navas akordeoilaria, Gurutze Beitia aurkezle, aktore eta umoregilea, Iñar Sastre pianojole eta konpositorea, Onintze abeslaria, Anduriña Zurutuza eta Maite Guevara aktore eta pailazoa, Aldapeko Basque Latin Jazz taldea…hainbat lagun izango dira txistulariakaz batera. Gorka Zabaleta bera eta Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Asier Garcia eta Peio Irigoien dagoz gaur egun Bilboko Udal Txistulari Bandan. Beste diziplina artistiko batzuetako taldeak be izango dira Udal Txistulari Bandagaz batera, Oinkari dantza taldea, Juana Picuentos txotxongilo antzerki taldea, Zirkozaurre konpainia, Gorka Ganso klowna, Bilbao Musikako haur eta gazte abesbatzak, Musikeneko eta Nafarroako goi mailako musika kontserbatorioko txistu ikasleak…hainbat lagun txistulariakaz batera denboraldi barrian.

Gaurko emonaldia

Gaurko emonaldian, Roberto eta Miren Etxebarria aita-alaba trikitilari eta pandero-jolea, Eriz Perez Egiluz gitarristea eta Gorka Eskauriaza baxujolea izango dira eurekaz. Zati bi izango dauz emonaldiak. Errepertorioari jagokonez, Kepa Junkeraren hainbat doinu edo Maixa ta Ixiarren “Iluntzean” ezaguna eskeiniko dabez, Roberto eta Miren Etxebarriaren hainbat doinuez gain.
Bilboko Udal Txistulari Bandak, Euskalduna jauregiko zazpi ikuskizunez gain, Campos Eliseos antzokian Gabonetako saioa eskeiniko dau eta ohikoak diren gainontzeko konpromisoei eutsiko deutse.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular