Lehenengoz egingo dan mendi probea irailaren 21ean ospatuko dabe, eta aukeran bi mendi lasterketa eta mendi martxa bat egongo dira. Mendi lasterketa luzeak 42 kilometro eukiko dauz eta partaideek Leungane, Astxiki, Larrano edo Untzillaitz mendien tontorretatik igaro beharko dabe. Mendi lasterketa ertainak 22 kilometroko luzerea eukiko dau eta mendi martxak, 11 kilometrokoa.
“Mañaria nahiz eta herri txiki bat izan, oso herri berezia da eta astegoien horretan Mañaritik Atxetara deialdiaren inguruan jai polita antolatu nahi dogu. Hori dala eta lasterketakaz batera mendi martxea antolatu dogu, baita antzerki-lan bat, umeendako gunea edo bertso saioa be” azaldu deusku antolakuntza taldeko Ekaitz Goenagak.