Zaratamoko aurrelariak hamasei urtetan jokatuko dau profesional mailan eta hiru txapel eskuratu eta beste lau final jokatu dauz

Bilbon jokatuko dau azken partidua, baina aurretik Bizkaiko eta Euskal Herriko herri askotan jokatu gura dau

Mikel Urrutikoetxeak pelotea itxiko dau irailaren 20an

Mikel Urrutikoetxea barrezka Bizkaia frontoian, zulo baltz baten sartu zala autortu ostean / Bizkaia Irratia

2009eko ekainaren 13an jokatu eban Mikel Urrutikoetxeak bere lehen partidua profesionaletan, Zaratamoko, bere jaioterriko pelotalekuan, eta irailaren 20an Bilbon emongo deutso amaierea orduan hasitako ibilbideari. Hamasei urteko tarte horretan, lehen mailako hiru txapel jantzi ditu: Buruz burukoa eta lau ta erdikoa 2015ean lortu ebazan, eta binakakoa hurrengo urtean. Ganera, beste lau final jokatu ditu, bi buruz burukoan eta bana lau ta erdi barruan eta binaka. Esan beharrik ez dago, ibilbide oparoa izan dala Urrutikoetxeak bete dauena profesional mailan.

Irailaren 20an jokatuko dau bere azken partidua Bilbon -ez dau pelotan jokatzen jarraituko beste enpresaren bategaz- baina aurretik beste hainbat frontoitan jokatu gura dau Mikel Urrutikoetxeak. “Maitatua sentidu nazen herrietan jokatu gura dot profesionaltasuna itxi aurretik” esan dau gaur Bilbon eskaini dauan prentsaurrekoan.

Hamasei urte honeetan, une gozoak, ez hain gozoak eta txarrak bizi izan ditu Zaratamoko pelotariak. Txapeldun geratu ostean lesino larria euki eban. Handik gitxira, bere bizitzako “erreferente eta zutabe nagusia”, bere ama, hil egin jakon gaixotasun larri baten ostean. Kolpe itzela izan zan Mikelentzat. Apurka-apurka zulo baltz baten sartzen hasi zan, bere burua holan larri ikusita laguntzea eskatzea erabagi eban arte. Zorionez, zulotik urtetea lortu dau eta zoriontsu bizi da bere emaztea, seme-alaba biak eta aitagaz. Alde emozionalak kirolari profesional baten errendimenduan daukan garrantzia nabarmendu gura izan dau Mikelek.

Urrutikoetxearen agurragaz, pelotari handi bat galduko dogu pelotazaleok. Baina horren ganetik, pertsona zintzo eta jatorra desagertuko da profesional mailako pelotatik. Ondo ibili Mikel.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00