Erdilari gasteiztarrak gogotsu ikusten dau taldea, eta gero eta gehiago disfrutetan dauala dino

Athleticekoa gaztetasuna eta beteranotasuna buztartzen dituan plantilea dala nabarmendu deusku

Mikel Vesga: “Jendea zoriontsu egitea oso pozgarria da”

Ezker izterreko muskulatura iskiosuralaren eukitako lesinoa atzean itxi eta gero, Mikel Vesga bueltan da. Erdilari gasteiztarra Bizkaia Irratiko mikrofonoetan izan da, Jokoan irratsaioan. Pozik eta gogotsu agertu da lehoia, partiduen kargea igarri egiten dala aitortu arren. Aitatutako arazoari aurre egiteko, jokalari gazteen papera ezinbestekoa da. Hori dala eta, Vesgak Beñat Prados, Unai Gomez eta Mikel Jauregizar jokalarien garrantzia nabarmendu dau.

Vesgak dinoenez, gazteriaren indarrari esker edozeinek parte hartu ahal dau partiduetan taldearen maila jaitsi barik. Izan be, hasierako hamaikakoan normalean dagozan jokalarien forma be oso altua da. Batez be, Gorka Guruzeta, Iñaki Williams, Nico Williams, Dani Vivian, Aitor Paredes eta Oihan Sancetek emondako aurrerapausuak txalotu ditu.

Halanda be, Vesgak argi dauka taldeak ligako azken partidu bietan erakutsitako maila ez dala zuzena izan. Beraz, oindino hobetu ahal dituan esparruak ditu taldeak. Esaterako, etxetik kanpo jokatzen dabezan partiduetan kontzentrazino maila altuari eustea edo aurreko urteetan okertu diran partiduak aurrera ateratea. Zentzu horretan, Athleticek ez dau garaipenik lortu Mallorcaren kontra azkenengo denporaldi bietan. Beraz, bolada txar horri bukaera emoteko aukerea eukiko dau Athleticek bihar San Mamesen.

Errege Kopa

Atletico Madrilen aurka Athleticek jokatuko dauan finalaurrekoaren inguruan be egin dau berba Mikel Vesgak. Batez be, Atleticok etxean dituan datuak nabarmendu ditu. Izan be, Atleticok ez dau partidurik galdu Metropolitano zelaian denporaldi honetan. Kanporaketaren harira, aldagelan eukitako eztabaida azaldu deusku. Jokalari batzuek nahiago dabe lehenengo partidua etxean jokatzea; beste batzuek, aldiz, bigarren partidua San Mamesen izatearen aldekoak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular