Urrunera heldu nahi bada, alkarregaz lan egin beharko da Elgarrestaren esanetan

"Ni feminista naiz" leloagaz bat eginda, feminismoak gizarteari egiten deutson ekarpena aldarrikatu dau Emakundeko zuzendariak

Miren Elgarresta: “Deseraiki behar diran slogan hutsak emoten dauz Donald Trumpek”

Martiak 8ko kanpainea / Emakunde

Miren Elgarrestarentzat, Donald Trump, genero desinformazinoaren pertsonai garrantzitsuenetarikoa da, deseraiki beharreko slogan hutsak diran informazinoak emoten dauazana. Emakundeko zuzendaria izan da gaur Lau Haizetara irratsaioan. Martiaren 8-a edo emakumearen nazinoarteko egunari begira, Ni feminista naiz leloa aukeratu dabe aurtengo kanpainarako Emakundek, hiru foru aldundiek eta Eudelek. Feminismoa zurekin doa esaldiagaz osotuten da leloa. Feminismoak gizarteari egiten deutson ekarpena aldarrikatu eta bardintasunaren arloan lortutako aurrerapenei balioa emon gura jake era honetara. Donald Trump AEBtako presidenteak, kargura heldu danetik argitu dau, bardintasun politikakaz amaitu gura dauala. Atzo bertan be, hori aldarrikatu eban. Elgarrestarentzat, errealidadetik kanpo dagozan mezuak emoten dabil.

Gizonduz

Emakundek, bestalde, Gizonduz 2030 Estrategia aurkeztu eban aurreko astean. Euskadin bardintasunaren alde gizonakaz eta maskulinidadeakaz lan egiteko estretegiak lantzeko jardunaldia be egin eben Gasteizen aurreko astean. Elgarrestak aipatu dau, hausnarketetariko bat izan zala, urrunera heldu nahi bada, gizon eta emakumeek alkarregaz egin beharko dabela lan. Gizonduz programea 2007. urtean jarri eban abian Emakundek. Ekimen aitzindaria izan zan. Kosta egin zan arren, apurka-apurka gero eta gizon gehiago hasi zan parte hartzen programa honetan. 18.000 gizon igaro da dagoeneko eta 2030erako 25.000ra heltzea da asmoa. Ander Bergara da Gizonduz programaren arduraduna. Azaldu deuskunez, Gizonduz ekimenaren barruan Euskadiko Maskulinidadearen Kutxa izenagaz azterlana egin da. Kutxa horretan zer sartzen dan, edo nortzuk sartzen diran esan deusku Bergarak. Bardintasunaren alde ez dagozan jarrerak litzatekez batez be. Pausuz-pausu, aurrera egitea itxaroten dau Ander Bergarak, Gizonduz programearen arduradunak. Gizarte osoaren inplikazinoa beharko dala gaineratu dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00