Miren Gorrotxategiren ustez ez da fiskalidadeari buruzko eztabaidea atzeratu behar

Bihar Elkarrekin Podemos-IU Pedro Azpiazu Ogasun sailburuagaz batzartuko da

Miren Gorrotxategi: “Aurrekontuen negoziazinoan ez dogu marra gorririk jarriko”

Miren Gorrotxategi / Bizkaia Irratia

Aurrekontuen negoziazinoagaz jarraituko dabe bihar Jaurlaritzak eta oposizinoko taldeek. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak beste proposamen bat aurkeztuko deutse biharko batzarretan. Miren Gorrotxategi Legebiltzarrean Elkarrekin Podemos-IU koalizinoko bozeroalea danak goizean esan deuskunez, ez deutse ezer aurreratu. Aurrekontu proiektua babesteko konpromiso politiko batzuk onartzea eskatuko dabe Elkarrekin Podemosekoek, eta konpromiso horreen artean sistema fiskalaren erreformea egongo litzateke. “Biharko negoziazino bileran ez dogu marra gorririk ez berderik izango. Sistema fiskala eraldatzeko ordua da. Fiskalidadea Foru Aldundien eskumena dala esatea betxiko atxakia izaten da” zehaztu deusku Gorrotxategik.

Yolanda Diazen Sumar proiektua Elkarrekin Podemos-IU koalizinoarentzat proiektu itxaropentsua da. Itxaropen handiko proiektua hain zuzen Miren Gorrotxategiren berbetan. Guztien laguntzeagaz eta aliantzak lortuta proiektuak aurrera egingo dau legebiltzarkidearen eretxian. ““Gure barruko mogimenduak gardenak dira eta horrek ez deutso prozesuari kalterik eragingo. Gure liderra Yolanda Diaz izango da eta gainontzekoa egokitzen joango da” azpimarratu dau Miren Gorrotxategik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular