Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak erakundearen etapa barri bati emon deutso hasierea, gobernu-organoak hautatzeko eta barritzeko ohiko prozesuaren esparruan presidentetza barritu ostean. Mirian Echazarrak bere gain hartu dau presidentetza, bai eta erakundeak garatutako lanari jarraipena emoteko eta fisioterapiak osasun-sistemaren barruan funtsezkoa dan osasun-lanbide gisa daukan zeregina indartzeko konpromisoa be.
Echazarraren eskutik, fisioterapiak gaur egun Euskadin bizi dauan egoerari heldu deutsagu: “Orain dala 20 urte baino hobeto gagoz. Euskadiko Osasun Ituna tresna ezin hobea da proiektu barriak sortzeko”. Biztanleriak gero eta gaixotasun gehiago ditu eta gero eta gehiago zahartzen da. Beraz, fisioterapia gaur egungo testuinguruan funtsezkoa da. Bitartean, Echazarrak argi ditu etapa barriaren ardatzak eta helburuak: “Intrusismoaren arazoari aurre egin behar deutsagu. Bestalde, erakunde publikoen eskutik gauza asko egin ahal doguz. Ganera, gizartean presente egotea be garrantzitsua da”.
Mirian Echazarra berari jagokonez, fisioterapian diplomaduna da, haurren neurologian aditua eta hainbat graduondo espezializatu ditu, bai eta Osasun Legeriako master bat be. Gaur egun Basurtuko Unibersidade Ospitalean dabil, eta patologia neurologikoak dabezan haurrak artatzen ditu. Bere prestakuntzak hainbat arlo hartzen ditu barne, esaterako osasunaren arloko ikerketea, haurrentzako zainketa aringarriak, arnas-fisioterapia, posizionamendurako materialak prestatzea eta doluan laguntzea.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala 3.805 alkargokide dituan alkargoa da. Ganera, kideen %45,2 Bizkaian dago, eta emakumezkoak dira nagusi. Alkargoaren helburua da sektoreari eragiten deutson eta indarrean dagoan araudiari buruzko informazino garrantzitsua eta eguneratua eskaintzea, baita fisioterapiari lotutako arloetan aholkularitza espezializatua emotea be, segurtasun-berme osoz lan egiten dauan kolektibo lehiakorra izate aldera.
