Euskal Herriko sortzaileen balioa eta ekarpena aitortzeko helburuagaz, abenduaren 4tik 8ra egingo da azokea

'DA! Kulturaren Jaialdia' leloari eutsiko deutso aurtengo edizinoak

Euskal sortzaileen lana aitortuko dau 61. Durangoko Azokak

Durangoko Azoka / Bizkaia Irratia

Euskal Herriko sortzaileen balioa eta ekarpena aitortzeko helburuagaz, abenduaren 4tik 8ra egingo da 61. Durangoko Azokea. Aurten be, euskerazko eta Euskal Herriko kulturaren inguruan milaka lagun alkartzeko gunea izango da, liburuak, diskoak, irudiak, berbak, doinuak eta ideiak partekatzeko. Azokearen iruditeria aurkeztu dabe gaur Durangoko Landako Gunean, eta Andoni Beristain diseinatzaile, argazkilari eta arte zuzendariak sortu dau aurtengo proposamen bisuala.

Aurtengo irudiaren ardatza sorkuntzarako erabilten diran tresnak dira. Idazmakina, irratiko mikrofonoa, kamara analogikoa, margolariaren paleta eta walkmana lako objektuen bidez, kulturaren arlo desbardinetako sortzaileak omendu gura izan dauz Beristainek. Tresna horreek iraganekoak dirudien arren, gaur egun be bizirik dagozala eta batzuk indarrez berreskuratzen dirala nabarmendu dau Lau Haizetara saioan Beristainek. Proposamenaren bidez, euskal kulturaren aniztasuna eta sorkuntzaren atzean dagoan lana be erakutsi gura izan dau.

Bestalde, DA! Kulturaren Jaialdia leloari eutsiko deutso aurtengo edizinoak. Antolatzaileen arabera, Durangoko Azokea ez da bakarrik kultur produktuak erakusteko lekua; sortzaileak eta hartzaileak harremanetan jartzeko eta euskal kulturaren aberastasuna ezagutzeko topagunea be bada. Horregaitik, sortzaileen lana aitortu eta kulturara hurreratzen ari diran belaunaldi barriak erakartzea izango dira aurtengo helburu nagusietako batzuk.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00